Arnaitz Gorriti

Maldan gora jarri zaio Super Amara Bera Berari EHF Kopan jarraitzea (35-30)

Corona Brasov talde errumaniarra gogorrago aritu da eta hobeto baliatu ditu donostiarren akatsak. Horrez gain Tirca eta Pavicevic gazteek sekulako gol zaparrada sartu dute.

Adriana Cardosok nolabait bizirik eutsi dio Bera Berari. (Andoni CANELLADA / FOKU)
Adriana Cardosok nolabait bizirik eutsi dio Bera Berari. (Andoni CANELLADA / FOKU)

Guerreras Iberdrola Liga zerbait izango da, baina EHF Kopa jokatzea dexentez gehiago da. Horixe erakutsi dio Corona Brasov talde errumaniarrak Super Amara Bera Berari eta halaxe jokatu beharko du talde donostiarrak datorren zapatuan bueltako partida joanekoa 35-30 galdu ostean. Galdutako baloiak eta huts egindako kontraerasoak gutxi ez eta, Sorina Tirca lateralaren eta Pavicevic hegalekoaren erakustaldia jasan behar izan dute Imanol Alverezenek.

Hobe esanda, EHF Kopan Ligan egin ohi duena baino intentsitate handiagoz jokatu behar duela ikusi duen arte, jai izan du talde donostiarrak. Fernandesek eutsi die gipuzkoarrei aurreneko minutuetan, baina defentsak sekulako zuloak laga ditu eta errumaniarrak nahi bezala sartu dira Merche Castellanosen ateraino, 5-2 aurreratuz. Majo kosta zaie Imanol Alvarezen neskei partidari neurria hartzea eta beste behin argi geratu da Silvia Arderiusen fisikoa txiki xamar geratzen dela Europako dema hauetan. Madrilgo erdiko jokalariak talentu itzela dauka baina makal xamarra da aukeran, eta bera presionatuz berreskuratu dituen baloiei esker eraso erraz askoak egin ditu Corona Brasovek aurreneko minutuetan.

Ekina eta gogoa, alabaina, inork ezingo dio ukatu Bera Berari eta kolpe bakoitzaren ondoren altxatzea lortu du. Hala, Fernandes eta Maitane Etxeberriaren artean neurketa apur bat parekatzea lortu dute. Markagailua 8-7 jarri ostean, ordea, ihes egin dute ostera ere errumaniarrek. Arrojeriak sei metrotan 8nako eskura izan du, baina bere hutsegitearen ondotik errumariarrek 4-0eko partziala erdietsi dute, Imanol Alvarez hutsartea eskatzera behartuz. Hutsartearekin batera aldaketa zenbait egin ditu entrenatzaile ermuarrak eta ongi atera zaizkio, egia esan. Defensa 5-1era aldatu du, Boada jarri du erasoaren gidari eta atzean Menendez eta Teresek indarberritu egin dute Bera Bera; Merche Castellanos ere hasiera partean baino askoz hobeto aritu da eta 1-6ko partzialaren ostean 13na berdindu dute donostiarrek. Are gehiago, Arrojeriak 13-14 aurreratu du talde gipuzkoarra.

Handik aurrera, alabaina, okertu egin da Bera Beraren erasoko jokoa eta Tymonshenkova atezainaren aurre-aurrean pare bat jaurtiketa errazetan kale egin dute. Ondorioz, Corona Brasov-ek aurrea hartua iristea lortu du atsedenaldira, 16-15, zazpi metrotatik Sorina Tirca gazteak Castellanos gainditu ostean.

Tircaren erakustaldia

Akatsak errepikatu ditu Bera Berak bigarren zatiko lehenengo minutuetan. Imanol Alvarezek Boada eta Arderius biak batera jarri ditu erasoan eta emaitza galdutako baloi mordoa baino ez da izan. Ondorioz, Corona Brasov-ek kontraerasoan aldea zabaldu egin du berriro, 20-16, eta Bera Bera ez da berriz ere berdintzeko gai izan.

Aldaketa pila bat egin behar izan ditu entrenatzaile ermuarrak bigarren zatian, erasoan nahi adinako ganorarik ez duelako izan bere taldeak. Hori gutxi balitz, Sorina Tirca gaztearen erakustaldia nozitu behar izan du Bera Berak. 20 urte baino ez ditu lehen lerroko jokalari errumaniarrak, baina gipuzkoarrak airean erabiltzeko nahikoa izan da, une batez 28-22 galtzen jartzeraino. Tircaren 9 golek atzean Brasov-ek egindako lana berretsi baino ez dute egin, batez ere Tymoshenkova atezain ukrainiarraren lan aparta atepean, kontraerasoak gelditzea egokitu zaion uneetan.

Cardosoren bidez bultzada berria jaso du Bera Berak azken minutuetan; ez Cardoso bakarrik, Cesareo, Etxeberria edo Boadak berak ere lana beltz egin baitute. Hala, hiru goletara ipintzeko aukera ere izan du. Alabaina, ez dute abagune hori probestu gipuzkoarrek eta Pavicevic –7 gol Montenegroko hegaleko jokalariarentzat– eta Buceschi-ren azken golek 35-30eko azken emaitza ezarri dute. Aldapa piko askoa igo beharko dute donostiarrek datorren astean alde horri buelta emango badiote.

Zuazoren garaipena, azkenean

Zubileta Evolution Zuazo Barakaldok, bestetik, Ligako partida irabazi egin dio Lasesarre kiroldegian Aula Valladolid taldeari. Hala, «Haito» Rodriguezenek Guerreras Iberdrola Ligako aurreneko bi puntuak eskuratu dituzte, aurreko hiru neurketak galdu ostean. Lasaitu ederra hartu dute bizkaitarrek, eta Liga txapelketako azken postua ere atzean laga dute.

Ez da erraza izan bizkaitarrentzat. Ia uneoro aurretik joan badira ere, alderik atera ezinda ibili dira neurketa guztian zehar, eta gaztelarren tartetako erreakzioek markagailua behin baino sarriagotan berdindu dute. Atsedenaldira 13-12 aurretik iritsi ostean, bizpahiru goletako aldeari eutsi diote Barakaldokoek, baina neurketaren azken aldera, hamar bat minuturen faltan, 22na berdinketa ezarri dute Puzelakoek. Zorionekoa une hori, Zuazok orduan lortu baitu azkenera baliagarri izan zaion partziala; Alba Sanchez, Amaia Gonzalez de Garibay eta Mada Fernandez-Agusti izan dira Zuazoren golegileak 3-0eko partzial hortan. Markagailua 25-22 jarri ondoren, Aula Valladolid 25-24 ere hurbildu da, baina 3-0eko bigarren partzial bat erdietsi dute bizkaitarrek eta, azken orduko sufrimenduak izan diren arren, garaipena bermatu ahal izan dute. Alba Sanchez –5 gol– eta Maddi Bengoetxea –6 gol– izan dira Barakaldokoen golegile nagusienak.