NAIZ

Akordioa lortu dute Tecman-en, 105 greba egunen ondoren

Mendaroko ospitaleko mantenimenduaren ardura duen Tecman SVA SL enpresako langileek greba mugagabea bertan behera utzi dute gaur astelehenean, LABeko ordezkaritzak enpresako zuzendaritzarekin akordioa lortu du eta.

Tecman-eko langileen protesta, Eibarko epaitegien aurrean (Luis JAUREGIALTZO/FOKU)
Tecman-eko langileen protesta, Eibarko epaitegien aurrean (Luis JAUREGIALTZO/FOKU)

Tecman enpresan hiru hilabete baino gehiago luzatu den protesta gaur astelehenean amaitu da. Orotara 105 greba egun egin dituzte langileek akordioa erdietsi aurretik, eta LAB sindikatuak prentsa ohar baten bidez nabarmendu duenez, «industria sektorean indarrean zegoen lan gatazka luzeena konpondu da» honekin. Enpresako langileek aho batez onartu dute hitzarmena, jakitera eman duenez.

Hala, akordioak langileen eskaera «guztiak» jasotzen dituela nabarmendu du LABek. Haien tartean hauetxek ziren: KPItik gorako soldata igoerak; guardiak borondatezkoak izatea eta hauen ordainketa hobegoa izatea; aldi baterako hiru kontratu mugagabe bilakatzea eta aldi baterako ezintasun guztiak, bai arruntak eta bai lanetik eratorritakoak, %100raino osagarritzea.

Tecman enpresako langileek uztailaren 2an hasi zuten lanuztea. LABen arabera, ordutik greba eskubidea zapaltzen duten jarrera eta ekintzak sufritu dituzte. Adibide argi bat emateagatik, Osakidetzak beste enpresa bat kontratatu zuen «ospitaleko sukaldeko arazoak konpontzeko» eta langileei «xantaia» egin zien greba alde batera uzteko, «kontratu mugagabeen truke».

Horregatik, LAB sindikatuak salaketa jarri zuen Eibarko epaitegietan Osakidetza eta Tecman-eko zuzendaritzen aurka. Hiru hilabete baino gehiagoko borroka honek, azkenik, fruituak eman ditu.