NAIZ

Euskal Zinema Dokumentalaren V. Astea 21ean hasiko da Gasteizen

Urriaren 21etik 25era Euskal Herriko profesionalek zuzendutako dokumentalak emango dira Gasteizen, gai anitzak jorratu dituztenak: gastronomia, kultura, krisiak, desgaitasuna eta historia, besteak beste. Emanaldi guztiak hasiko dira 20.00etan Vital Fundazioa Kulturunean. Sarrera dohainik da.

Astearen aurkezpenaren irudia. (NAIZ)
Astearen aurkezpenaren irudia. (NAIZ)


Vital Fundazioak antolatua, ekimenak lehen Euskal Zinemaren Aste tradizionalak barne hartzen zuen genero bati eman nahi dio lekua. Gaurkotasunak eta kalitateak eman diote protagonismo propioa ziklo horri. Dokumentalaren aurkezpenarekin ematen zaie hasiera jardunaldiei, gero, dokumentalaren emanaldia dator eta, amaieran, ikusitakoari buruzko solasaldi-eztabaida egiten da. Ikusleek solasaldi horietan parte hartzeko aukera izango dute. Iaz bezala, asteazkena da film laburrei emango zaien eguna.

Astea urriaren 21ean hasiko da, astelehena, Aitor Bereziartua eta Ander Iriarte zuzendari dituen ‘Bihar Dok 13’ lanaren emanaldiaren eskutik. Basque Culinary Center-en kokatuta, mundu osotik etorritako abangoardia gastronomikoko zenbait ikaslek iraganerako bidaia bat egingo dute, ‘Bihar dok 13’ menua sortzeko. Bidaian, 1966ko Euskal Herrira joango dira, dena aldatu zuen hamarkada ezagutzeko abiapuntua izan dadin. Gaur eta Ez dok hamahiru mugimenduak ezagutuko dituzte, baita BCCren (Euskal Sukaldaritza Berria) aita espirituala ere. Gero, menu gastronomiko bat sortu beharko dute. Mugimendu horiek euskal gizartean izan zuten garrantzia erakutsiko du dokumentalak, ekitaldien eta ikasleen begiradaren bitartez. Gainera, sukaldariek euren sorkuntza prozesuari nola ekin dioten ere azalduko da.

Asteartean, urriak 22, Oier Aranzabalen ‘Margolaria’ lanaren txanda izango da. Zinta horrek Mikel Urdangarin musikariak Londresera egin zuen bidaia erakutsiko digu. Bidaia ferryz egin zuen, itsasoa zeharkatuz, Alain Urrutia pintorearen lan bat jasotzeko. Bidaiaren aitzakiaz, bere lanetik bizitzearen aldeko apustua egin duen artista baten egunerokotasunean sartuko dira ikusleak.

Asteazkenean, urriak 23, film dokumental laburrei emandako eguna izango da. Egun horretan hiru film dokumental labur emango dira. Dokumental horiek Gasteizko Gobernuaren Kultura Sailaren Kimuak egitasmoko katalogotik atera dira. Egun horretan, ‘592 metroz goiti’ lana ikusi ahal izango da, Maddi Barber-ena, 90eko hamarkadan Itoizko urtegiak haraneko bizilagunengan izan duen eraginaz; ‘Ancora lucciole’, Pier Paolo Pasolini-ren erailketari buruz, 1972an; eta ‘Kafenio kastello’, Atenasen, krisialdian, amore ez emateko nahiari buruzkoa.

Urriaren 24ean, Antonio Díaz Huertaren ‘Gallo’ dokumentala izango da protagonista. Desgaitasunari buruz dihardu lan horrek. Aitor Franzesenak glaukoma kongenitoa du jaiotzatik, horren ondorioz, 14 urte zituenean galdu egin zuen eskumako begiaren ikusmena, eta gero, ikusmena erabat galdu zuen, surf egiten bizi izan zuen istripu baten ondorioz. Desgaitasunen bat duten pertsonak nahi duten edozein erronkari aurre egiteko gai direla demostratu nahi du dokumentalak.  

Azkenik, ostiralean, hilak 25, Josu Martínezen ‘Jainkoak ez dit barkatzen’ lanaz gozatzeko unea izango da. XX. mendeko euskal historian funtsezko pertsona izan zen Lezo Urreiztietaren historia kontatuko du.  

Emanaldi guztiak hasiko dira 20.00etan Vital Fundazioa Kulturunean. Sarrera dohainik da eta aretoko eserleku guztiak bete arte izango da sartzeko aukera.