Xole ARAMENDI

Alarma gorria piztuta euskal kulturaren transmisioa hezkuntza arautuan bermatzerakoan

Hezkuntza arautuan euskal kulturgintzaren transmisioa gauzatzerakoan dauden ahulgune eta indarguneak mahai gainean jarri dira gaur Azpeitian egin den egun osoko saioan. “Euskal kultur sorkuntzaren transmisioa, sormenean hezi, kulturan bizi” izenburupean burutu da jardunaldia. 100 pertsonatik gora bildu dira.

Ehun pertsonatik gora bildu dira egun osoko jardunaldian. (Jon URBE / FOKU)
Ehun pertsonatik gora bildu dira egun osoko jardunaldian. (Jon URBE / FOKU)

Etxean, hezkuntza arautuan, hezkuntza ez arautuan zein aisialdian transmisioa bermatuko duten kultur zaleak sortzea dute helburu Jalgik, Elkar Fundazioak, Hik Hasik, Azpeitiko Udalak eta UEUk antolatutako jardunaldiek. Gaur hezkuntza arautuaren kasuan zertan den aztertu dute. Jarraipena izateko bokazioz sortu dira.

Indarguneak eta ahulgunean identikatzea da lehen pausua, ondoren, ahal den neurrian, konponbideak mahai gainean jarri ahal izateko.

Ahalegin horretan aritu dira goiz partean Olatz Osa (Elkar Taldeko argitaletxeen zuzendaria) eta Iratxe Retolaza (EHUko ikertzaile eta irakaslea), testuingurua marraztuz. “Kultur transmisioa, katebegi bat kulturaren unibertsoan” gaiari heldu dio Osak. Aipatu unibertsoari argazkia egin dio, ekosistema osatzen duten kultur eragileen (sortzaileak, bitartekariak, komunikabideak…) artikulazioaren beharra nabarmenduz. «Hor dago gakoa», esan du.

Orain arte gertatu moduan, nor bere irlan ahaleginean aritu beharrean denen artean ekosistema osatu behar da, bere esanetan. «Eta aurrera begira plan bateratu eta adostua diseinatzea ezinbestekoa da», zehaztu du.  

“(Euskal) kulturak hezkuntza zeharkatzeko manerak” hitzaldia eskaini du ondoren Iratxe Retolazak. Indarguneak eta ahulguneak mahaigaineratu zituen. «EAEn curriculumean onartu da euskal kultura zehar-lerroa izatea, Nafarroan ere curriculumean kultur adierazpenak eta adierazpide artistikoek leku esanguratsua dute», adierazi zuen argiei erreparatuta. «Baina ez da euskal curriculuma zehaztu, garatu eta gauzatu; euskal kultura irakastaeko materia didaktiko eta baliabide adosturik ez da», gaineratu zuen. Ilunak. Txanponaren bi aldeak. Garbi dio: «Alarma gorria pizteko moduko egoeran gaude».

Kulturgintzaren eguneroko transmisioan lanean ari diren kutur eragile, kudeatzaile zein sortzaileren txanda etorri da ondoren. Pantxika Telleria koreografoa, Elirale dantza konpainiaren sortzailea; Alberto Barandiaran, Nafarroako Hezkuntza saileko teknikaria; Amaia Irazusta, Nafarroako Euskararen Irakaskuntzako Baliabide Zentroko ordezkaria; Andrea Arrizabalaga Artaziak Hezkuntza eta Mediazio Kulturaleko kidea, hurrenez hurren. Nork bere esperientzia aletu du.

Arratsaldean bi mahai inguru egin dira. “Kultur transmisioa hezkuntza arautuan” izenekoan Arantxa Irigoien, Ximun Fuchs, Inma Muñoa (Ikastolen Elkartea), Mirentxu Oteiza (irakaslea Nafarroan) eta Lidia Alcorta (irakaslea Nafarroan) aritu dira.

Bigarren saioa “Kultur hezkuntza eskolan gogoetagai” izenburupean egin da eta Mikel Artola (Euskal Herriko Bertsozale Elkartea), Oier Araolaza (Dantzan), Nerea Permach (EHUko irakasle eta ikertzailea) eta Haizea Barcenilla (EHUko irakasle eta ikertzailea) arituko dira.

Jardunaldi hauek elkargunea izan nahi dute, aurrera begira kultur sorkuntzaren transmisioaren inguruan hausnarketa eta eragin gunea bilakatzeko asmoz.