NAIZ

EHUk Urrezko Domina emango dio Euskaltzaindiari, egiten duen lana aitortzeko

EHUk Urrezko Domina emango dio Euskaltzaindiari ostiral honetan, «urtez urte euskara arautu eta modernizatzeko» egin duen lana aitortzeko. Andres Urrutia euskaltzainburuak jasoko du saria, Leioako Campuseko Areto Nagusian ospatuko den ekitaldian.

Andres Urrutia euskatzainburuak jasoko du EHUren Urrezko Domina. (Marisol RAMIREZ/FOKU)
Andres Urrutia euskatzainburuak jasoko du EHUren Urrezko Domina. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Euskaltzaindiak EHUren Urrezko Domina jasoko du ostiral honetan. Sariaren bidez, euskararen erakundeak «urtez urte euskara arautu eta modernizatzeko» egin duen lana aitortu nahi du EAEko Unibertsitate publikoak. Era berean, sariaren bidez euskararen akademia aitortu nahi du, «EHUri iraganean eman dionagatik, orain ematen dionagatik eta etorkizunean emango dionagatik».

Saria ostiral honetan emango dute EHUren Areto Nagusian, Leioako Campusean, goizeko 11.30ean ospatuko den ekitaldi batean. Aurreratutakoaren arabera, ekitaldian Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Nekane Balluerka errektoreak hartuko dute parte, besteak beste. Ekitaldia Urrezko Dominaren aktaren irakurketarekin hasiko da eta Miren Azkarate Euskaltzaindiaren amabaitxiaren laudatioa izango du.

Urtean 40 tesi baino gehiago euskaraz

EAEko Unibertsitate publikoak gogoratu du ohar batean «laurogei hamarkadaren hasieran ikasgai batzuk euskaraz hasi zirenetik hona, euskararen erabilera eta egoera izugarri» hobetu direla. Gaineratu duenez, «urrats erabakigarriak egin dira euskararen erabilera normalizatzeko irakaskuntzan, ikerketan, jakintzaren zabalkundean eta administrazioan».

Era berean, EHUk «euskarazko terminologia zientifikoa eta unibertsitaterako euskara estandar egokia sortzen eta zabaltzen» eginiko lana goraipatu du. «Horri esker, besteak beste, unibertsitatera doazen ikasle gehienek ikasketak euskaraz egiteko aukera» dutela nabarmendu du. Horren ondoan, euskaraz ehunka liburu argitaratzen direla aipatu eta urtean 40 tesi baino gehiago hizkuntza honetan defendatzen direla adierazi du.