NAIZ

Tecmanek greba eskubidea urratu zuela ebatsi du epai batek

Tecman enpresako zuzendaritzak eta LABek lan akordioa sinatu zuten urriaren 14a, guztira 105 greba egun bete ostean. Greba egiten ari zirela zuzendaritzak greba eskubidea urratzen zituen jarrera batzuk erakutsi izanagatik, LABek salaketa jarri zuen. Orain aldeko epaia jaso du.

LAB sindikatuak Eibarko epaitegian salaketa jarri zuen eguneko irudia. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU)
LAB sindikatuak Eibarko epaitegian salaketa jarri zuen eguneko irudia. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU)

Pasa den astean, urriaren 14an, Tecman enpresako zuzendaritzak eta LABek lan akordioa sinatu zuten. 105 eguneko grebaren ondotik heldu zen adostasuna.

Greba deialdiak «hainbat oztopo» izan zituela ohartarazi du LABek, besteak beste, greba egiteko eskubidea urratu izana leporatu zion zuzendaritzari. Salaketa ere jarri zuen irailaren 20an –enpresa zein Osakidetzaren aurka– eta astelehen honetan jakinarazi duenez, enpresa pribatuko zuzendaritzak greba eskubidea urratu zuela ebatsi du sententziak.

Tecman SVA SL enpresak mantentze lanak egiten ditu Mendaroko ospitalean. Jarrera «antisindikala» izateagatik zigortu du Eibarko epaitegiak eta LABek adierazi legez, «epaiak frogatutzat ematen du aldi baterako kontratua zuen langile bati mugagabe egiteko eskaintza egin ziola zuzendaritzak, greba uzteko baldintzarekin». Era berean, Tecmaneko enkargatuek ezarritako zerbitzu minimoak gainditu egin zituztela ondorioztatu du sententziak.

Azpikontratazioaren ondorio

Sindikatuak oso gertakari «larritzat» jo du zuzendaritzaren jarrera. Bere iritziz, epai honek agerian jartzen du azpikontratazioaren atzean dagoena. «Nola liteke Osakidetzak bere lantokietan ‘jarrera antisindikalak’ eta greba eskubidearen urraketa onartzea?», itaun egiten du.

LABek enpresarekin sinaturiko lan akordioan jasotzen da KPItik gorako soldata igoerak, guardiak borondatezkoak izatea, 3 kontratu mugagabe bihurtzea eta aldi baterako ezintasunak %100raino osagarritzea.