Haritz Larrañaga

Lurramaren 14.edizioan klimaren gaia jorratuko dute eta Nafarroa izango da ohorezko gonbidatua

Azaroaren 8, 9 eta 10ean ospatuko dute laborantza herrikoiaren Lurrama azoka Biarrizko Irati erakustazokan. Berrikuntzen artean, landare gune berri bat, Nafarroako mozkinak, Arto Gorria elkartearen talo ibiltariak eta «borrokalarien gaualdia». Klima aldaketa izango da gai nagusia.

Lurramako jantokian atseden hartzeko leku egokia da. Bob EDME
Lurramako jantokian atseden hartzeko leku egokia da. Bob EDME

Gaur aurkeztu dute 2019ko Lurrama azokako egitaraua. Urtero bezala, programa oparoa izango da. Haien postuekin parte hartzen duten laborariek eta 600 laguntzailek hiru egunez Iratiko erakustazokak dituen 6.000 metro karratuak okupatuko dituztela iragarri dute antolatzaileek. Bertako laborarien mozkinak erosteko aukeraz gain, erakusketak, bazkari-afariak, konferentziak eta animazioak izango dira.

Lehen bost edizioak Baionan egin zituzten, eta horren ostean Biarritzera aldatu zuten Lurrama azoka. Urtetik urtera arrakasta handituz joan den neurrian, egitaraua aberasteko hobekuntzak eta berrikuntzak egin dituzte antolatzaileek, eta egun, Ipar Euskal Herriko kostaldean antolatzen diren ekitaldi nagusienen artean kokatzen da.

Berrikuntzak

Lehen aldiz Euskal Herriko lurralde bat aukeratu dute bere «mozkinen aniztasuna, bertako kabalak, eta sukaldaritzak dituen berezitasunak» ezagutzeko. Nafarroa izan da hautatua, antolatzaileen esanetan, «hurbil egon arren, paisaiak eta laborantza lurrak desberdinak» baititu.

Gauzak honela, aurtengo ohorezko gonbidatuak hautatzeko orduan ere Nafarroak pisu berezia izan du. Izan ere, Nekazaritzako Elikagaien, Teknologien eta Azpiegituren Nafarroako Institutua eta Euskal Herriko Nekazarien Elkartea (EHNE) izango dira aurtengo ohorezko gonbidatuak.

Barazki, fruitu eta zerealen landatzeari eskainitako gune berri bat ere izango da aurtengo edizioan. Eremu horretan, biodibertsitatea oinarri hartuta, landaketa kultura desberdinak islatuko dituzte produktu desberdinekin lan egiten duten laborariek.

Arto Gorria elkarteak ere ekarpen berritzailea egingo du. Soilik bertako arto-gorri irina erabiliz egindako taloak eskaintzeko, postu ibiltari bat izango da Irati erakustazokan.

Eta azkenik, «laborantza arloko borrokalariak ohoratuko» dituzte igandean egingo duten «borrokalarien gaualdian». Etxalde txikietako ahate hazleak sostengatzen dituen The Inspector Cluzo rock taldeak, ELB sindikatuak hegazti gripearen auzian erakutsi zuen erresistentzia jarrera goraipatuko du. Kontuan hartu behar da biharamunean Estatu frantsesean jai eguna dela «erresistentzian aritu ziren antzinako borrokalariengatik», beraz, hortik dator hitz jokoa.

Klima, bizia da

«Ingurumena zaintzen duen laborantza bat sustatzea» helburu duen ekimenak urtero gai bat lantzen du eta aurtengoan klima aldaketa izango da gai nagusia. Hortik dator aurtengo goiburua: «Klima, bizia da».

Ildo horri lotuta hautatu dituzte aurtengo edizioko amabitxia eta aitabitxia. Valerie Masson-Delmotte, klima aldaketa aztertzen duten hamar zientzialari garrantzitsuenen zerrendan atxiki zuen iaz Nature aldizkari ospetsuak. Piero Sardo, ostera, biodibertsitatearen aldeko Slow Food Fundazioko lehendakaria da 2004. urtetik.