Erik Jaka izango da txapeldunaren aurkaria finalerdian (22-15)

Lizartzarra ez da batere gustura geratu egindako partidarekin, baina amaieran Peio Etxeberria baino gehiago asmatu du, azken bederatzi tantoak jarraian eginda.

Jon Ormazabal|27/10/2019
Erikjaka
Amaieran jokatu du Erik Jakak hobekien. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Egindako partidarekin ez oso gustura baina emaitzarekin pozez zoratzen amaitu du Erik Jakak gaur Tolosan jokatutako partida, Peio Etxeberriari 22-15 irabazita, bera izango baita Joseba Ezkurdiaren aurkaria Lau eta Erdiko lehen finalerdian, larunbatean Labriten.

Bi pilotarientzat euren ibilbideko aukerarik politena zen gaurkoa eta urduritasuna eta presioa nabarmenak izan dira lehen pilotakadatik. Lotuta hasi dute partida, batez ere Erik Jakak eta lehia borrokatua izan da, baina joko baina erritmo gehiagorekin. Kosta egin zaio lizartzarrari angeluak topatzea eta Zenotzekoa izan da lehen abantailak hartu dituena (2-6). Hala ere, takadaka jokatutako partida izan da, bakoitzak bere sake eta pilotarekin mina egin dio aurkariari eta Jaka izan da lan erdietara iristen lehena (11-7) 90 pilotakada eskasetan.

Polemikarik ere izan da tartean, esaterako 13-12koan, epaileek ez baitute bueltarik eman Jakak Etxeberriari enbarazu egin dion jokaldi batean. Gauzak horrela, ez da erraza izan, oso amaierara arte, partida zein aldetara eroriko zen jakitea. Esaterako, Peio Etxeberria 13-15 ere aurreratu da, baina azkeneko bederatzi tantoak segidan eginda, Erik Jakak eraman du garaipena. Azkenaldera asmatu du gehien lizartzarrak eta, majo sufrituta izan bada ere, lehen aldiz lortu du finalerdietarako txartela.

Peña, Promozioko finalera

Hirugarrena izango du jarraian Jon Ander Peñak Promozioko lau eta erdikoan aurten jokatuko duen finala, Julen Egigureni 22-12 irabazi ostean. Hori bai, markagailuak iradoki dezakeena baina gehiago sufritu behar izan du tolosarrak, azpeitiarra 5-11 ere aurreratu baitzaio. Lotuta hasi du tolosarrak ere partida eta erditik aurrera askatu du korapiloa. Sakean asmatzeak eman dio finalerako txartelaren zati handi bat.