Jon Ormazabal

Saskian jarri diotenak ez du txapelduna ase

Joseba Ezkurdiak larunbatean Labriten jokatu beharreko finalerdirako pilota biziagoak jar zitezkeela uste du. Jakak gustura amaitu du.

Joseba Ezkurdiak ez du gustura amaitu material aukeraketa (Jagoba MANTEROLA/FOKU)
Joseba Ezkurdiak ez du gustura amaitu material aukeraketa (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

Txapelketak aurrera egin ahala tenperatura igotzen ari da eta finalerdien atarian entzun ditugu materialaren inguruko lehen kexak. Egungo txapeldunak, Joseba Ezkurdiak egin ditu, larunbatean Labriten Erik Jakaren aurkako partidari begira saskian aurkitu dituen pilotek ez dute eta ase.

«Egia esan asko ez zaizkit gustatu, nik txispa gehiagorekin nahi nituen, pilota azkarragoak, baina azkenean dagoena  dago. Gero igual konfundituta nago eta larunbatean etorri eta, beroarekin eta, gehiago dira baina gaur behintzat pilota gutxi dagoela iruditzen zait», azaldu du arbizuarrak Iruñean egindako aukeraketaren ondoren.

Erik Jakak, bere aldetik, onartu du normala izan daitekeela bere aurkariak beste era bateko materiala bilatzea, bere jokoa pilotari abiadura jartzean oinarritzen delako, baina saskian aurkitutakoarekin gustura agertu da. «Nik uste pilota onak direla, agian aurreko  partidaren batean edo bestean bai ematen zuela material gehixeago egon dela, baina nik uste lau pilotak onak direla jokatzeko. Niri batez ere bereak gustatu zaizkit nireak baino gehiago, eta aitzakiarik gabeko materiala dagoela iruditu zait», azaldu du bere lehen finalerdia jokatuko duen lizartzarrak.

Finalerako sarrerak, ostiralean salgai

Larunbatera begira sarrera ona espero da Labriten eta enpresek gaur bertan aditzera eman dutenez, Navarra Arenan azaroaren 17an jokatuko den finalerako sarreren salmenta etzi hasiko da, goizeko hamarretatik aurrera, hau da, finalistak nortzuk diren jakin aurretik.