Jon Ormazabal

Material desberdinarekin baina denak gustura Bilbon

Jokin Altunak pilota motelxeagoak aukeratu ditu eta Unai Lasok biziagoen aldeko apostua egin du, partidari abiadura sartu nahian.

Altuna eta Lasok gustura amaitu dute Bilbon (FOKU)
Altuna eta Lasok gustura amaitu dute Bilbon (FOKU)

Pilota desberdinak aukeratu dituzten arren, Jokin Altuna eta Unai Lasok gustura amaitu dute igandeko finalerdikoari begira Bilbon egin duten material aukeraketa. «Garrantzitsuena saskian era guztietako pilotak aurkitu ditugula da, hori da justuena, bakoitzak nahi dituen pilotak topatzea eta gustura amaitu dut. Nik azpitik gehixeago ibiltzen diren pilotak aukeratu ditut, berak biziagoak frontisetik gehixeago irteten direnak, baina frontoi honetarako egokiak iruditzen zaizkit», azaldu du amezketarrak.

Una Lasok ere ez die inolako aitzakiarik aurkitu pilotei eta igandean beste partida handi bat jokatzean du burua. Bizkarretakoak argi dauka orain arteko erronkarik handiena izango duela igandean, baina bere indarrengan erabat sinesten du. «Bera da faboritoa, baina nik baditut nire aukerak gauzak ondo egiten baditut. Presiorik handiena berea izango da, txapeldun handia da eta final asko jokatu ditu», adierazi du.

Bere lehen mailako lehen finalerdia izango du Baikoko aurrelariak, baina oraingoz lasai omen dago. «Ez dut finala jokatzearekin obsesionatu nahi, urduri jartzeko modu bat izan daiteke eta. Partida handia da baina gozatzera irten nahi dut», azaldu du. 

Peio Etxeberria, beste hiru urte

Ez du finalerdietan sartzerik izan, baina Peio Etxeberriak ere txapelketa bikaina osatu du aurtengo Lau eta erdikoan eta egindako lanak izan du saririk Izan ere, hiru urterako luzatu baitu Asperekin zuen kontratua. Azaroaren 30ean amaitzen zitzaion lan hitzarmena.