Subiranistek «baldintzatutako» espainiar gobernu baten beharra nabarmendu du EH Bilduk

Oskar Matute eta Iñaki Ruiz de Pinedo, EH Bilduko Bizkaiko eta Arabako zerrendaburuak, hurrenez hurren, Laudion izan dira gaur eguerdian. Lehenak indar subiranistek «baldintzatutako» gobernu baten beharra nabarmendu du eta bigarrenak, aldiz, gogora ekarri du Araban kolokan dagoen eserlekua EH Bildu eta PPren artean lehiatuko dela.

NAIZ|Laudio|01/11/2019
Matute-pinedo
Oskar Matute eta Iñaki Ruiz de Pinedo Laudion izan dira. (Jon URBE/FOKU)

Oskar Matutek duela egun gutxi batzuk Llotja de Marreko manifestuan argi irudikatu zen subiranisten elkarlanaren eta indar metaketaren garrantzia azpimarratu du, «horrek bakarrik ekidin dezakeelako Pedro Sanchez eskuinaren besoetara erortzea, kontrarreforma autoritarioan sakontzeko». Indar subiranistek «baldintzatutako» gobernu baten beharra nabarmendu du, «honek bakarrik egingo duelako ezinezko eskuinaren eta Estatuko botereen nahiak eta desioak gauzatzea».

Ohartarazi duenez, Sanchezek bazter utzi du apirileko hauteskundeetako kanpainan zabaldu zuen mezu, ustez, berritzailea eta gaur «betiko PSOE baino ez du ordezkatzen». Honen jarreraren aurrean, Herrialde Katalanetako, Euskal Herriko eta Galiziako subiranisten «elkarlana eta indar metaketa» nabarmendu ditu «hauteskunde hauetan autoritarismoaren eta demokraziaren arteko partida jokatzen delako».

Sanchez bera ere Euskal Herrian da gaur. «Argi utzi zuen hauteskundeak deitu zituenean: ez du nahi indar subiranistek baldintzatuko gobernu bat, espainiar Estatuak bizi duen egiturazko krisia konpontzeko duen soluzioa kontrarreforma antidemokratikoa delako, eta, jakina, ekuazio horretan ez gara sartzen independentistak, eta Podemos ezta ere», adierazi du. «Estatuko botereen nahia eta borondatea kontrarreforman sakontzea da, eta horretarako alderdi handien arteko Estatu itunak behar dituzte», gaineratuz.

Ruiz de Pinedo: «EH Bildu edo PP, demokrazia edo inboluzioa»

Iñaki Ruiz de Pinedo Arabako zerrendaburuak ere kontrarreforma demokratikoaren arriskuez ohartarazi du Laudion, mehatxu horri aurre egiteko borrokan Araban bereziki «asko dugulako jokoan hauteskunde hauetan». Horren ildotik azaldu duenez, «Araban aukerak argiak dira», kolokan eserleku bat bakarrik dagoelako. «Edo EH Bilduk lortzen du ordezkaritza edo, bestela, PPk lortuko du. Demokrazia edo inboluzio antidemokratikoa, eskubideak edo murrizketak, hori da jokoan dagoena».

Pablo Casado PPko burua era Araban dago gaur, apirilean Javier Marotok galdutako eserleku hori berreskuratu asmoz. «Euskal gizarteak azaroaren 10ean aukera izango du apirileko hauteskundeetan eman zuen lezioa berriz ere errepikatzeko eta espainiar eskuina berriz ere ordezkaririk gabe uzteko».

Pozueta: «Altsasun edo Nafarroan bezala, Madrilen ere justizia defenda dezagun»

Bel Pozueta, Kongresurako EH Bildu Nafarroako zerrendaburua, berriz, Agoizko Kultur Etxean izan da. Pozuetak adierazi duenez, «badakigu asko dugula jokoan hauteskunde hauetan. Eta asko dago jokoan. Eta aukerak argiak dira: demokrazia edo inboluzio antidemokratikoa. Eskubideak edo murrizketak». Bertan izan da ere Oihan Mendo Senaturako zerrendaburua.

«Demokraziaren defentsa, bidegabekerien aurkako borroka eta Kongresuan Nafarroari ahots propioa emateko konpromisoa» izango ditu Pozuetak ardatz Madrilen eserlekua lortzekotan.«Progresista, euskaltzale eta ezkertiar sentitzen diren Nafarroako herritar guztiek argi izan behar dute EH Bildurena dela aukera onena. Madrilen ere justizia defendatzen jarrai dezagun, Altsasun, Nafarroan eta behar den tokian egiten ari garen bezala», aldarrikatu du.

RELATED NEWS