Asier AIESTARAN

Ezkurdiak asko kostata lortu du Lau eta Erdiko finalerako lehen txartela (22-20)

Nahiz eta aurreneko erdian abantaila handia hartu (17-7), hortik aurrera Erik Jaka jokoan sartu da eta asko parekatu da partida. Azken txanpan dema asko gogortu da eta Ezkurdiak asko sufritu behar izan du neurketa ixteko.

Ezkurdia bolea jotzen (Jagoba MANTEROLA / FOKU)
Ezkurdia bolea jotzen (Jagoba MANTEROLA / FOKU)

Joseba Ezkurdia da Lau eta Erdiko Txapelketako lehen finalista. Arbizuarrak 22-20 menderatu du Erik Jaka Iruñeko Labrit pilotalekuan neurketa gogor bezain ikusgarrian.

Hasiera traketsa eta berdindua izan da. Partidako lehen tantoa aurrelari nafarraren alde erori da Jakak sakez egindako falta baten erruz, baina apur bat geroago, Ezkurdiak oparia itzuli dio gipuzkoarrari luzeegi ateratako beste sake batekin. Bi pilotariak presaka antzean aritu dira hasiera horretan.

Baina 5-5eko berdinketaren ostean, Ezkurdiak norgehiagokaren agintea hartu du. Pilotari abiadura handia sartuz, zazpi tanto egin ditu erreskadan. Gehienak txokoan eginak izan dira, bai boleaz eta bai botez, eta Jaka kantxari neurria hartu ezinda ibili da –pare bat pilota jo gabe utzi ditu kanpora joango zirelakoan eta ez du asmatu–.

Lizartzarrak zorte txarra ere izan du txapara joan zaion erremateren batean, baina ez zebilen batere eroso pilotalekuan. Datu modura, aipatu daiteke jokoan egindako aurreneko tantoa 12-6koa izan duela –azkenean hamaika lortu ditu, atera kontuak–, jada partida oso aurreratuta zegoela.

Ezkurdiak jarraipena eman dio partzialari eta horrela iritsi da 17-7kora, neurketan izan den tarterik handienera. Sakez beste bi tanto ere egin ditu denean asmatzen ari zen arbizuarrak.

Bigarren zati gogorra

Baina Jakak argi utzi du aurtengo txapelketan buruz ere aurrera pauso handiak ematen ari den pilotaria dela. Neurketa oso zail jarri zaion arren, lanean segi du zintzo, eta oso garesti saldu du bere porrota.

Pilotak apur bat gastatu direla baliatuz, piloteoan agintzen hasi da, erritmoa bera ezartzen, eta errematean ere askoz gehiago asmatzen. Tantoak luzeagoak izan dira, eta Ezkurdia fisikoki ere betetzen joan da.

Jaka lau tantoko partzial batekin 19-12tik 19-16ra hurbildu da, finalerdiari sekulako emozioa ipiniz. Baina aipagarriena hurrengo takada izan da, partida 21-16tik 21-20ra eraman duena. Tanto guztiak ikusgarriak izan dira, gogorrak, ongi jokatuak eta ongi amaituak –gantxoz, gurutzatuta, zabalean...–. Jendea zutik pilotalekuan eta sekulako txalo zaparradak bi pilotarientzat.

Edonor irabaz zezakeela zirudien, Ezkurdia oso larri zegoelako, baina arbizuarra gai izan da une erabakigarrian bolea bikain bat jotzeko txokoan eta 22-20koa lortzeko. Txapelduna finalean izango da aurten ere.

«Oso gogorra»

«Partida oso gogorra izan da, erritmo handikoa. Huts batzuk ere egon dira, normala da horren azkar jokatuta, baina pozik nago aurten ere finala jokatzeko aukera izango dudalako», adierazi du Ezkurdiak partida amaieran.

«17-7kora arte gozatzen ari nintzen. Sakearekin asmatzen, piloteoan eroso... Baina gero berak asko jokatu du, kantxan mugitzera behartu nau, asko ibiltzera, eta hor azkenean bete egin naiz. Banekien sufritu egin beharko zela, azkenean final bat zegoen jokoan, eta zorionez gai izan naiz garaipena lortzeko», gaineratu du egungo txapeldunak.

Erik Jakak, bere aldetik, «egindako txapelketarekin oso harro» amaitzen duela adierazi du –nahiz eta oraindik hirugarren posturako lehia falta–. «Partida bat egin dut txarra, baina beste guztietan oso maila ona eman dudala uste dut. Inork ez zuen nirekin kontatzen hemen egoteko, baina erakutsi dut badaukadala maila pilotari handi hauen artean aritzeko».

«Txapelketako bi pilotari onenei irabazteko zorian egon naiz, eta pena da errematatu ez izana. Uste dut nabaritu egin dela detaile txikietan beraiek esperientzia gehiago dutela, baina ikasteko balioko dit», amaitu du lizartzarrak.