Erakustaldia emanda, laugarren kaiolako finala jokatuko du Jokin Altunak jarraian (22-10)

Unai Lasok bikain ekin dio partidari, 1-5 ere aurreratu da, baina ezer gutxi egin ahal izan du amezketarraren kontra.

Jon Ormazabal|03/11/2019
Altuna
Altunak partida bikaina osatu du. (Monika DEL VALLE/FOKU)

Inork dudarik bazuen, Jokin Altuna gaur egungo kaiolako espezialistarik handiena berritsu du Bilbon eta laugarren lau eta erdiko finala jokatuko du jarraian, Unai Lasori 22-10 irabazi ostean. Iazko finala errepikatuko da hortaz, baina aurtengo Jokin Altunak antz gutxi du iazkoarekin, sasoi betean dago eta.

Hori bai, txapelketa bikaina jokatu duen Unai Lasok lanak eman dizkio amezketarrari, batez ere hasiera indartsu batean. Oso bizi ekin dio Bizkarreta-Gerendaingoak lehiari, pilotakada guztiak gozatu eta abiadura handia jarri die. Hala, 1-5 aurreratzea lortu du Baikoko nafarrak, baina azkar aurkitu du amezketarrak horretarako erantzuna. Boleaz aurkaria pausu bat atzera ematera behartu eta laster lortu du markagailua orekatu eta baita aurretik jartzera ere (7-5). Horiek izan dira partidako unerik politenak, ez zen eta batere erraza partida zein aldetara hautsiko zen asmatzea.

Tanto luze batzuk ere trukatu dituzte garai horretan eta fisikoki hobekiago erantzun du gipuzkoarrak eta frontoiaren erabateko nagusi bilakatu da, Unai Laso desesperatzeraino. Bere pilota motelagoekin, Baikoko aurrelaria ez da gai izan Altuna pasatzeko eta Aspekoak alde batetik bestera erabili du, defentsa lanean gehienean. 14-0eko partzial batekin finalerako bidea erabat argitu du eta aurretik Eugik, Irujok eta Aimar Olaizolak baino lortu ez duten balentria berdindu du, lau final segidan jokatzearena alegia.

Jaka, eskuko minez

Atzo finalerdia galdu zuen Erik Jaka Bilbon izan da bere lagun Altunaren finalerdia ikusiz eta bertan esan duenez, bi eskuak nahikoa minduta amaitu zuen atzo Iruñean eta ez dauka igandean hirugarren posturako lehia jokatzerik izango duen ziurtatu. Normalean azkar xamar osatzen zaizkio eskuak, baina ikusteke dago Lasoren aurka jokatzerik izango duen.