NAIZ
BILBO

Ruper Ordorikak binilo bikoitza atera du, edizio mugatuan

Azken 20 urteetan Bilboko Kafe Antzokian zuzenean eskainitako 18 abesti biltzen dituen
binilo bikoitza kaleratu du bakarlariak. Lanak ‘Gaur hamar t’erdietan Kafe Antzokian’ du izena eta edizio mugatuan egin da, 500 ale baino ez dira ekoiztu.

Oñatiarra hamaika bider igo da Kafe Antozkiko oholtzara. (Luis JAUREGIALTZO I FOKU)
Oñatiarra hamaika bider igo da Kafe Antozkiko oholtzara. (Luis JAUREGIALTZO I FOKU)

2020an 25 urte beteko dira Bilboko Kafe Antzokiak bere ateak ireki zituenetik, eta ez dago bertako oholtzara Ruper Ordorika baino aldi gehiagotan igo den artistarik. Oñatiarrak 30 kontzertutik gora eman ditu azken 24 urteotan bertan. Bere gabonetako emanaldiak «tradizio eta erritual» bilakatu dira aretoaren programazioan, «artistaren eta bere zuzenekoetan parte hartzen duten lagunen artean sortzen den elkarrizketa librea», Kafe Antzokiko programazio arduradun eta lan honen koordinatzailea izan den Gotzon Uriberen esanetan.

Hain zuzen ere, emanaldi horietako hirutatik (1999, 2007 eta 2018) ateratako 18 abestik osatzen dute kaleratu berri den ‘Gaur hamar t’erdietan Kafe Antzokian’. Kafe Antzokiko Soinuak zigilu berriak binilo bikoitza argitaratu du bildumagileei zuzendutako 500 aleko edizio mugatuan. «Erretratuaren eta dokumentalaren baliabideak euskarri moduan erabilita kontzertuotan gertatzen denaren funtsa modu natural batean islatu nahi izan dugu», adierazi du Uribek, ohar bidez.

Diskoa eskuragarri dago jadanik Kafe Antzokiko webgunearen bitartez, 30 euroko salneurriarekin. Ez da denda fisikoetan salgai jarriko eta 500 kopiak agortzean ez da bigarren ediziorik egingo.

‘Gaur hamar t’erdietan Kafe Antzokian’ bilduma berezia Kafe Antzokiko Soinuak zigilu berriak argitaratu du Antzokiaren 25. urteurrenaren atarian. Lehen ekoizpen honen liburuxkan Alex Rademakers kataluinarraren argazkiak, Fermin Etxegoien idazle eta kazetariaren testu bat eta kontzertu bakoitzean parte hartu zuten musikarien zerrenda aurkitu daitezke, dena Eider Corralek diseinatutako diseinu grafiko dotore batek lagunduta.