NAIZ
DONOSTIA

Hauteskunde egunaren zuzeneko jarraipena eta emaitzak, NAIZen eta NAIZ Irratian

Hauteskunde egunak emango duena zuzenean jarraitu ahal izango da NAIZen igande goizetik, eta hauteslekuak itxi ondoren ere emaitzak denbora errealean kontsultatu ahal izango dira, 20.00etatik aurrera. NAIZ Irratiak ere zuzeneko saio berezia egingo du igande iluntzean.

Apirilaren 28ko hauteskundeetako boto-paperak. (Iñigo URIZ | FOKU)
Apirilaren 28ko hauteskundeetako boto-paperak. (Iñigo URIZ | FOKU)

Hauteskunde egunaren zuzeneko jarraipena egingo du NAIZek igande goizetik aurrera. 9.00etan hauteslekuak ireki orduko zuzeneko kontakizuna abiatuko dugu eta egunak ematen duenaren une garrantzitsuenak jasoko ditugu, albiste, argazki eta bideoen bidez. Guztiaren berri NAIZ.EUS atarian izango da.

Hauteslekuak itxi orduko, 20.00etatik aurrera eta emaitzak iritsi ahala, denbora errealean kontsultatu ahal izango dira NAIZen eta horretarako prestatu dugun webgune berezian. Hego Euskal Herriko emaitzak, herrialde bakoitzekoak eta herriz herrikoak, Estatukoak eta Kataluniakoak, informazioak, analisiak, alderdien egoitzetatik kronikak… eskainiko ditugu.

Asteleheneko GARAren papereko edizioa ere berezia izango da, herriz herriko emaitzak jasoko ditu eta hauteskunde demak utzi duen egoera politikoa aztertzeko analisiak ere bai.

NAIZ Irratia

20.00etan hasiko da NAIZ Irratiaren zuzeneko saio berezia. Ion Telleriak eta Ana Iruretagoyenak gidatutako saioaren bidez emaitzak ezagutu ahala jasoko dituzte eta analisirako tarte zabala izango da. Eguzki Urteaga soziologoa eta Ion Ansa analista politikoa izango dira analisi mahaian; emaitzek marrazten duten panorama aztertzeko bestelako hamaika ahots ere jasoko ditu saioak; Jule Goikoetxea, Laura Perez eta Martxelo Otamendirena, besteak beste.

Alderdien egoitzetatik lehen eskutik jasoko ditu saioak hauen erreakzioak eta arreta berezia jarriko du Sabin Etxean eta EH Bilduren egoitzetan. GARA eta NAIZen delegazioetatik herrialde bakoitzeko emaitzen jarraipen berezia egingo du.

Igandekoak pasata, astelehenean ere saio berezi bana izango dira hauteskundeen biharamuna aztertzeko. 12.00etatik aurrera Oinatz Aizpuruk gidatuta analisi pausatuagoa jasoko du saio bereziak eta alderdi bakoitzeko ordezkarien erreakzioak jasoko dituzte. 19.00etatik aurrera Amaia Zurutuzaren gidaritzapean hauteskunde osteko astelehenak utzi duena patxadaz gogoratzeko saio berezia izango da.

Nola entzun?

FMz bere kobertura hazten ari da pixkanaka NAIZ Irratia. Aste honetan Gernikako antena jarri du abian, FMko 96.7an. Honakoak dira gainerako frekuntziak: Bilbo, 92.2; Donostia, 93.8;  Gasteiz, 91.5; Urola, 91.8, Goierri, 102.2, Leitza, 95.1; Bortziriak, 103.1.

Internetez ere entzun daiteke NAIZ Irratia nonahi, irratia.naiz.eus helbidean. Eduki nagusiak Podcast plataformetan ere entzun ahal dira: Google Podcasten, Apple Podcasten, Spotify-en eta Ivooxen.