NAIZ
BIARRITZ

Nekazaritza ministro frantsesa Lurrama azokan izan da

Didier Guillaume Nekazaritza ministro frantsesa Lurraman azokan izan da gaur goizean, Biarritzen. Heldu den martxoan egingo diren udal hauteskundeetarako hautagai izan daitekeela diote hainbat iturrik. 

Didier Guillaume Nekazaritza ministro frantsesa, Lurraman. (@taberna_G)
Didier Guillaume Nekazaritza ministro frantsesa, Lurraman. (@taberna_G)

Egungo Nekazaritza ministro frantsesa, Didier Guillaume, abuztuan izan zen azkenekoz Euskal Herrian bisita ofizialean, Jacqueline Gourault ministroarekin eta Jean-Rene Etchegaray Baionako alkatearekin, zezen plazako korridan. Ordutik behin baino gehiagotan agertu da Biarritzen; hainbat iturriren arabera, martxoko udal hauteskundeetan hautagai izan liteke Guillaume, Mediabask atariak jaso duenez.

Ez da lehen aldia ministro batek Lurrama azoka bisitatzen duela, PS alderdiko Stephane Le Foll 2012an izan zen Biarritzen, baina orduko hartan antolatzaileek gonbidatu zuten. Orduan sortu berri zen Euskal Herriko Laborantza Ganberaren (EHLG) eta Lurramak defendatzen duen nekazaritza ereduaren aitortza gisa ikusi zen bisita hura.

Oraingo honetan, bi egun lehenago jakinarazi zien Lurramako antolatzaileei azokan izango zela. Kazetarien aurrean, ordea, ukatu egin du bere bisitak asmo politikoak dituenik. «Argi geratu dadila, Nekazaritza ministro gisa etorri naiz», esan du.

Ministroa EHLGren ordezkariekin bildu da lehenik eta behin; nekazaritza eta elikadura bulego publikoa, Nekazaritza Politika Bateratua eta nekazaritza produktuen aitortza izan dituzte hizpide, besteak beste.

Ondoren, Biarrizko alkatearekin eta Florence Lasserre diputatuarekin ibili da azokako postuak bisitatzen; pare bat lagunek Macronen politikarekiko desadostasuna adierazi diote, baina bestela bisita lasai joan da. Bezperan, ministroaren ingurukoak Lurramaren instalazioak ikuskatzen izan ziren eta Bizi! mugimenduaren standa ekiditeko eskatu zuten, baina ezinezkoa izan da.

Lurramako arduradunekin egin du ibilibidea eta postu bakoitzean ekintzaile edo nekazariren bat zuen zain ministroa interpelatzeko. ELBko Panpie Sainte-Mariek hartza Pirinioetatik kentzeko eskatu dio bi artzainen postuaren aurrean; Idokiren standean, etxaldeetako produktuak arautzeko eskaera zuen gutuna eman diote; beste nekazari batek gazta zati bat eman dio, pentsiodunen prekarietateaa ohartarazten zuen mezuarekin.

Didier Guillaumek etxea du Angelun eta familiako etxea ere Biarritzen. Hauteskundeetarako asmorik ez duela errepikatu du Lurramatik joan aurretik.