NAIZ

Donostiako San Martin kalea erabat itxiko da 2020ko uztailean, urtebetez, metroaren lanengatik

Donostiako San Martin kalea itxi egingo dute 2020ko uztailean, urtebetez, metroaren lanak direla-eta. Hori baino lehenago, otsailetik aurrera, ibilgailu pribatuek ezingo dute zirkulatu kale horretatik.

San Martin kalea Artzain Onaren katedralaren parean itxiko da.
San Martin kalea Artzain Onaren katedralaren parean itxiko da.

Donostiako metroaren igarobidearen lanek San Martin kaleko trafikoan izan duen eraginei aurre egiteko plangintza egin du Udaleko Mugikortasun eta Garraioetako departamentuak, eta gaur aurkeztu du. Kale hori erabat itxiko dute eta itxierak hiru fase izango ditu.

Lehen fasea 2020ko urtarrilaren 31 arte luzatuko da. Epe horretan San Martin kaleak bide bat gutxiago izango du eta trafiko mota guztiei irekita egongo da, hau da, ibilgailu pribatu zein garraio publikoa eta larrialdietarako ibilgailuak bertatik igaro ahal izango dira. Easo kalea baino lehenago ezkerreko bidetik doazen ibilgailuek kale horretara biratu beharko dute, eta Urbieta eta San Martin kaleen arteko biraketa debekatu da, «oinezkoen pasabidearen segurtasuna bermatzeko».

Horrekin batera, abenduaren 21etik urtarrilaren 6a arte, San Martin eta Easo kaleetako lanak geldituko dira bertako saltokien Gabonetako kanpainak ahalik eta eragin txikiena izan dezan.

Bigarren fasea

Bigarren fasea otsailaren 1etik uztailaren 15era luzatuko da. Epe horretan, San Martin kaleak bide bakarra izango du Urbieta eta Hondarribia kaleen artean, eta bakarrik garraio publikoak, larrialdietarako ibilgailuek, taxiek eta motorrek erabili ahal izango dute.

Mugikortasun departamentuak honako gomendioak egin ditu: Antigua-Amara bidea erabiltzea, edo mendebaldetik ekialdera joateko saihesbidea erabiltzea. Erdialdetik ibiliko diren ibilgailuek Urbieta kalera biratu beharko dute, hortik Parke kalera joateko, eta bertatik Gernikako Arbolaren pasealekuan sartu ahal izango dira. Egun, Parke kalearen eta Gernikako Arbolaren arteko bira ezin da egin. Hortaz, Mundaizeko zubia ezingo da erabili Parke kalera eta Mendeurrenaren plazara sartzeko, izan ere, Parke kalearen eta Gernikako Arbolaren arteko bira egin ahal izateko, ibilgailuek ezingo dute zuzen jarraitu eta Gernikako Arbola pasealekura biratu beharko dute. Hortaz, bertan dagoen oinezkoen pasabidea kenduko da trafikoa arintzeko.

Bigarren fasean, halaber, San Martin kaleko Artzai Onaren Dbus eta Lurraldebuseko geltokiak aurrerago jarriko dira.

Hirugarren fasea

Hirugarren fasea uztailaren 15etik 2021eko uztailera luzatuko da. San Martin kalea guztiz itxiko da Urbieta eta Hondarribia kaleen artean. Epe horretan, ibilgailu pribatuentzako eraginak aurreko fasearen berberak izango dira, eta aldiz, garraio publikoa eta larrialdietarako ibilgailuak Easo kaletik joango dira Askatasunaren Hiribideraino. Eta Askatasunaren Hiribidean izango dituzte San Martin kalean kenduko diren geltokiak.

Udalaren arabera, lanak iraun bitartean oinezkoen zirkulazioak «eragin txikiak» izango ditu. Hala ere, San Martin kalean Loiola kaleko oinezkoen pasabidea laster kenduko da eta, ondorioz, oinezkoek San Martin kaleko arkupeetatik joan beharko dute Urbieta edo Hondarribia kaleetaraino errepidea gurutzatzeko.