NAIZ

LABek langileen babesarekin sinatu du Gipuzkoako grafikagintzako hitzarmena

LAB sindikatuak (%54,55) hitza eman die Gipuzkoako grafikagintzako langileei, lortutako aurreakordioa onartzen zuten edo mobilizazioekin jarraitzen zuten erabakitzeko. Eta aurreakordioak langileen babes ia erabatekoa jaso du.

Gipuzkoako grafikagintzako langileen mobilizazioa, joan den uztailean Tolosan. (Andoni CANELLADA/FOKU)
Gipuzkoako grafikagintzako langileen mobilizazioa, joan den uztailean Tolosan. (Andoni CANELLADA/FOKU)

LABek (%54,55) datozen hiru urteetarako Gipuzkoako grafikagintzako hitzarmena sinatzea erabaki du gaur, langileen babesarekin. UGTk ere (%4,55) sinatu du. LABek nabarmendu duenez, itun honekin sektoreko langileek «aurrerapauso handia eman dute beren lan baldintzak hobetzeko bidean».

Soldata-igoerak KPIaren gainetik, bi kategoria baxuenak kentzea 1.200 euroko gutxieneko soldata ezarriz, Estatuko hitzarmenaren gainetik aplikatzeko lehentasuna, lizentzia berriak, eskubide sozialak… «Hori guztia, gure inguruko, alegia, Bizkai eta Nafarroako, Grafikagintza sektoreko hitzarmenak 2011tik eta 2012tik berritu gabe dauden testuinguru batean. Argi gelditu da, beraz, borrokatzea merezi duela. Gaur egun zoriontsua da», adierazi dute sindikatu independentistako kideek.

LABek, sektorean gehiengoa izateak duen erantzukizunetik, hasieratik hitzarmen duina lortzea izan du xede. «Horretarako, ezinbestekoa izan da borrokatzea eta grebak egitea». «Zortzi greba egun bultzatu ditugu, gure militantziak dena eman du eta ez dugu borrokarik gelditu eduki duinak mahairen gainean eduki arte».

ELAri buruz

LABek argitu duenez, bere helburua eduki duinak lortzea da; eta estrategia berdina darabil sektore guztietan. «ELAk kritika egin zigun arren, langile grebalariei galdetu diegu. Erantzuna argia izan da. Onartu dute».

Azaldu dutenez, grafikagintzaren kasuan, ELAk sinatutako enpresa-hitzarmenean ez dago KPI +2,75era hurbiltzen den soldata-igoerarik, ez dago errelebo-kontraturik, ez dago 1,47ko gutxieneko kategoriarik… «Ez dute ezta lan-erreformaren aurrean hitzarmena aplikatzeko inolako klausularik ere. Hau da, diskurtso hutsala da, sektorean sindikatu honek duen praktikara lerratzen ez dena. Hipokrisia handiko ariketa besterik ez da».

«Ozen eta argi esango dugu, umiltasunez baina harrotasunez. Hitzarmen hau posible izan da, batez ere, LABen lidergoarekin zortzi eguneko greba egin duten langileei esker. Gure esker ona langile borrokalariei, LAB kideei», agertu dute. Hitzarmen duinen defentsan jarraitzeko konpromisoa berretsi dute.