Nagore BELASTEGI

Artze anaien arteko elkarrizketa diskoan bildua

Kulturek karramarroak bezala egiten dutela uste du Artze anaien diskoa koordinatzeaz arduratu den Anjel Valdesek: aurrera egiten dute, baina atzera begiratuz. Hori da, hain zuzen ere, JoxAnton eta Jexux Artzeren txalaparta grabaketak zabaldu nahiaren arrazoia, horiek erreferentzia baitira.

Jexux eta JoxAnton Artze txalaparta jotzen kontzertu batetan. (NAIZ)
Jexux eta JoxAnton Artze txalaparta jotzen kontzertu batetan. (NAIZ)

JoxAnton eta Jexux Artzeren txalaparta grabaketak sailkatu eta disko berezia atera du Elkarrek. 1966. eta 1975. urteen bitartean izan zen haien garairik oparoena eta, hala, zazpi  bat bateko kanta luze aukeratu ditu Anjel Valdes koordinatzaileak ‘Txalaparta. Artze anaiak’ diskoa osatzeko. Era berean, diskoarekin datorren libretoan Juan Luis Zabala kazetariaren testuak daude, non Usurbilgo anaiek txalapartarekin izan zuten harremana deskribatzen den, garaitan sailkatuta.

Proiektu honen xede nagusia zabalkundea eta euskal kulturaren parte den musika tresna honen transmisioa denez, plataforma digitaletan beste 60 kanta eskegi dituzte, txalapartaren erreferentzia direnak.

«Kulturek aurrera egiten du karramarroak bezala; aurrera egiten dute, baina atzera begira», esan du Valdesek gaur goizeko aurkezpenean. Izan ere, bere esanetan egun txalapartak afinatu egiten dira eta materiak desberdinak –harria, metala– erabiltzen dira. «Nahi duten bezala jo dezatela, baina erreferentzia hau begi bistatik galdu gabe», adierazi du.

Zabalak inoiz ez zuen txalaparta jotzen ikasi, bera gaztea zela modan jarri zen arren. Hala ere berak Artze anaiekin duen harremana askoz gertuagokoa da. «Niretzat txalaparta musika tresna bat baino gehiago izan zen. Duela 16 urte, Jexux hil zenean, Joxanek biografia idazteko eskaera egin zidan. Bertan nire izena agertzen da baina Joxan izan zen zuzendari eta zuzentzaile. Bion artean egin genuen», aitortu du. Berarentzat diskoa «beharrezkoa zen».