NAIZ
Gasteiz

EAEko enplegu publikoaren lege-proiektuko xedapenekin desados daude ELA eta LAB

Astearte honetan Funtzio Publikoaren Euskal Kontseilua bildu da EAEko Administrazio Orokorreko (Autonomia Erkidegoa) funtzionarioen kidegoei eta eskalei buruzko lege-proiektua aurkezteko. Azken orduan sailburuordeak boto partikular baten bitartez Euskal Enplegu Publikoaren Lege Proiektuaren xedapenak sartu ditu. Sindikatuak desados agertu dira.

2018ko EPE azterketetako irudia.(Luis JAUREGIALTZO / FOKU)
2018ko EPE azterketetako irudia.(Luis JAUREGIALTZO / FOKU)

Funtzio Publikoaren Euskal Kontseilua bildu da astearte honetan. Bertan izan dira Lakuako, foru aldundietako, Eudeleko, eta ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuetako ordezkariak. Bilera honetan, EAEko Administrazio Orokorreko (Autonomia Erkidegoa) funtzionarioen kidegoei eta eskalei buruzko lege-proiektua aurkeztu behar zuen Lakuak.

ELA eta LAB sindikatuek, aldiz, beraien kexak helarazi dituzte. Batetik, ELAk protesta egin du gai-zerrendatik kanpo zegoen gai bat lantzeagatik, Funtzio Publikoko sailburuorde Andres Zearretaren eskakizuna erantzunez. Legebiltzarrean izapidetzen ari den Euskal Enplegu Publikoaren Lege Proiektuaren 19. eta 20. xedapen iragankorrak sartu ditu.

Aipatu Legea Mahai Orokorrean ordezkaritza duten sindikatu guztiek baztertu zutela gogoratu du ELAk, eta Euskal Administrazio Publiko osoari eragiten diola. LABek ere ohartarazi du bere garaien hainbat alegazio aurkeztu zituela bi xedapen hauen aurka.

Jokabide honek negoziazio kolektiborako esparrua «urratzen» duela ohartarazi dute sindikatuek. ELAk bere zerbitzu juridikoekin aztertuko du ea sailburuordearen jarduna zuzenbidearen aurkakoa den edo ez jakiteko.

Behin-behinekotasun tasa handia

ELAren iritziz kontsolidazioa publizitatu bai baina ez dute bermatzen xedapen horiek. «Lanean urteak daramatzaten milaka langilek lanpostua galtzeko arriskuan egon daitezke», eta hortaz, ez da atxiki xedapen honetara. Ohartarazi du enplegu publikoan dagoen behin-behinekotasuna Estatu espainoleko tasarik handiena dela; 40.000 langile daude behin-behineko kontratuekin, ELAren arabera.

Xedapen hauekin zortzi urtetik gorako antzinatasuna duten eta aldi baterakotasun-tasa %40tik gorakoa den eremuetan dauden langileei soilik eskaini liezaieke kontsolidazioa, beti ere azterketa gainditzen badute. 

LABek ere ez ditu onartu xedapen hauek eta abstentziora jo du. «Behin-behinekotasunarekin daukagun arazoa ez dira bi xedapen gehigarri hauekin konponduko; Lanpostuen Zerrenden eguneratzeari  ekin  behar  zaio  urgentziaz, bestela kontsolidazio prozesuak ez dira eraginkorrak izango», abisatu du. 

Negoziatzeko borondatea eremu guztietan azalduko duela ziurtatu du LABek eta horixe bera exijitzen dio administrazio publikoari, «orain arteko inposaketa eredua alde batera utzita».

Eudelek ere ez du bat egin sailburuordearen xedapenekin.

Urtea bukatu aurretik

Funtzionarioen kidegoei eta eskalei dagozkien lege proiektua urtea bukatu baino lehen onartzea aurreikusten du Lakuak.

Lege horrek oraingoa ordezkatuko du (2004koa), helburu hartuta Administrazio Publikoko talde eta azpitalde profesionalak modernizatzea eta haien kopurua sinplifikatzea, Lakuako bozeramaile Josu Erkorekak azaldu legez.  Kategoriei moldakortasuna ematea ere badu xede. «Lege hau onetsitakoan, Gobernuak aldizka eguneratuko ditu eskala bakoitzean bete behar dituzten funtzioak, baita eduki behar diren ikasketa-eremuak edo titulazioak orain sortu edo aldatzen den eskaletako bakoitzean sartu ahal izateko», adierazi du.

Bestalde, etorkizuneko "Kidegoen eta Eskalen Legea"-ri txertatu egingo zaizkio enplegua irmotzeko prozesu bereziak. «Gure nahia da prozesu berezi horiek martxan jarri ahal izatea, lehen aldiz, 2020tik aurrera antolatuko ditugun Lan Eskaintza Publikoetan», gaineratu du.

Langile publikoen bitartekotasuna %40tik gorakoa denean –ELAk zehaztu duen bezala–, Administrazio Publikoek aukera izango dute «sarbide-txanda bereizi» bat sortzeko lan eskaintza publikoan, lanpostuan gutxienez 8 urteko esperientzia ziurtatzen duten pertsonentzat. «Egonkortasuna ahalbidetu nahi dugu, betiere indarrean dagoen lege-esparruaren barruan, horrek behartzen baikaitu bermatzera oposizioak egiten dituzten pertsona guztien berdintasuna, merezimendua eta gaitasuna», zehaztu du.