naiz

Mobilizazioa eta aberastasunaren banaketa, pentsioak duintzeko giltza ELArentzat

Pentsioen arazoa konpontzeko aberastasunaren banaketari buruzko «taxuzko eztabaida» proposatu du ELAk, eta pentsioak duintzeko bidean ezinbestekotzat jo ditu mobilizazioak .

Mikel Noval, Mitxel Lakuntza eta Janire Landaluze, txostenaren aurkezpenean (ELA)
Mikel Noval, Mitxel Lakuntza eta Janire Landaluze, txostenaren aurkezpenean (ELA)

Hego Euskal Herriko pentsioen egoerari buruzko txostena aurkeztu du astearte goizean ELAk, sindikatuak Bilbon duen egoitzan. Mitxel Lakuntza idazakari nagusiarekin batera, Mikel Noval eta Janire Landaluze, arlo sozialeko eta ikerketa bulegoko arduradunek hartu dute parte agerraldian.

2018ko datuak eman dituzte pentsioen zenbatekoa «txikia» dela demostratzeko. EAEn, bataz besteko pentsioaren zenbatekoa 1.173 eurokoa zen iaz, eta Nafarroan 1.086koa.

Emakumeek, gainera, gizonek baino «askoz pentsio txikiagoak» dituzte. EAEn, 869 euroko saria jasotzen dute; Nafarroan, 813koa.

Ohartarazi dute, bestalde, Hego Euskal Herrian biztanleriaren %24,2 direla pentsiodunak eta portzentaje hori hazten ari dela, azken urteetan eros-ahalmena «etengabe galdu» dutelarik.

Europan, atzetik

Hego Euskal Herrian pentsioetara bideratzen den BPGaren (Barne Produktu Gordina) kopurua Europako bataz bestekoa baino txikiagoa da. 2014an, BPGaren %13 bideratu zen pentsioetara bataz beste Europan; %13,6 eurogunean.

Hego Euskal Herrian, BPGaren %11,1. «Euroguneko mailara iristeko, Hego Euskal Herrian urtean 2.230 milioi euro gehiago bideratu beharko lirateke pentsioak ordaintzeko», ebazten du txostenak.

 

Mobilizazioa bide

Pentsioen arazoari aurre egiteko, aberastasunaren banaketari buruzko eztabaida ireki behar dela iritzi dute sindikatuko ordezkariek eta horretarako zenbait neurri proposatu, besteak beste: Zapatero nahiz Rajoyren agintaldietan ezarritako erreforma eta murrizketak ukatu; soldatak KPIaz gaindi igo; pentsioetako gastua gehitu gutxienekoa 1.080 euroan finkatuz eta sistema Euskal Herrian erabaki.

Helburu horiek guztiak lortzeko «ezinbesteko» bidea mobilizazioa dela deritzo ELAk. «Euskal Herriko Euskubide Sozialen kartako kideak gara, eta hurrengo hilabeteetan egingo diren mobilizazio ezberdinetan parte hartzeko deia egin dugu», esan dute. Mobilizazio horietako bat azaroaren 16rako pentsiodunen mugimenduak Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan deitutako manifestazioak lirateke; bestea, urtarrileko bigarren hamabostaldian deitu duten greba orokorra.

«Merezi duen bizimodua bermatzen duten pentsioen aldeko borroka eginkizun kolektiboa baita, gaurko eta biharko pentsiodunena», aldarrikatu dute.