NAIZ

Gutxienez 23 palestinar hil ditu Israelgo Armadak asteartean abiatutako aire-erasoetan

Israelek erresistentzia palestinarraren aurka asteartetik abiatutako aire-erasoek ez dute, momentuz, apaltzeko itxurarik. Yihad Islamikoaren talde armatuak lurralde israeldarrera bideratutako koheteen bidez erantzun du taldeko buruaren hilketa.

Palestinar talde bat, Israelgo Armadaren aire-erasoen ondorioz txikitutako etxe baten inguruan. (Said KHATIB/AFP)
Palestinar talde bat, Israelgo Armadaren aire-erasoen ondorioz txikitutako etxe baten inguruan. (Said KHATIB/AFP)

Gutxienez bederatzi palestinar hil ditu asteazkenean Israelgo Armadak Gazako zerrendan eginiko airezko erasoen bitartez. Armada israeldarrak asteartean Baha Abou Al-Ata Yihad Islamikoko talde armatuko (Al Quds Batailoiak) liderra eta bere emaztea hil zituenetik abiatutako operazio militarrak 19 hildako utzi ditu momentuz, tartean bi adin txikiko, denak palestinarrak.

Al-Ataren hilketatik abiatutako operazio armatuen igoerak ez du oraingoz apalduko den itxurarik. Goizean goizetik, miliziano palestinarrak koheteak jaurti dituzte Israelgo lurraldeen aurka Gazatik eta Israelgo Armadak ez ditu Palestinako kostaldera bideratutako aire-erasoak eten.

Yihad Islamikoak jakinarazi du ez duela kontraerasoa eteteko asmorik. «Bakea berreskuratzeko saiakerek ez dute aurrera egin. Yihad Islamikoak uste du momentua dela sionistek berrabiatutako hilketen politikari erantzuna emateko», esan dio erakundeko kide batek Reuters berri-agentziari.

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak ukatu du Israelek biolentziaren «gorakada» bat sortzeko asmoa duenik, nahiz eta aire-erasoek eta hildako palestinarren kopuruak gora egin duten Yihad Islamikoko kidearen aurkako erasoaz geroztik.

«Ez dugu nahi biolentziaren igoera bat, baina gure aurkako eraso orori kontraeraso bortitzekin erantzuten ari gara», esan du Netanyahuk.