naiz

Kontratazio prozedura anonimoak bultzatzea proposatu du LABek, diskriminazioa ekiditeko

Euskal Herriko enpresa «guztietan» kontratazioetan diskriminazioa dagoela segurtatu du LABek, arrazoi ugarik eragiten dutena, gainera: «Jatorria, sexua, ideologia, adina, irudi fisikoa edota beste hainbat».

LABeko ordezkariak, proposamena Gasteizko Gobernuaren egoitzan erregistratu dutenean (Luis JAUREGIALTZO/FOKU)
LABeko ordezkariak, proposamena Gasteizko Gobernuaren egoitzan erregistratu dutenean (Luis JAUREGIALTZO/FOKU)

Kontratazioetan ematen den diskriminazioari aurre egiteko proposamen bat erregistratu du asteazken goizean LABek, Gasteizko Gobernuaren egoitzan eta Confebask patronalarenean. LABeko Negoziazio Kolektiboko eta Ekintza Sindikaleko idazkari Xabier Ugartemendia izan da bertan, sindikatuko Zerbitzu Publiko, Zerbitzu Pribatu eta Industriako federazioetako ordezkariekin batera.

Euskal Herriko enpresa «guztietan» kontratazioetan diskriminazioa dagoela segurtatu du LABek, horregatik, hori ekiditeko proposamen bat ondu du sindikatuak, hamaika puntu jasotzen dituena. Bi helburu nagusi ditu; diskriminazioak ekiditeko kontratazio prozedura «anonimoak» bultzatzea batetik, eta «egoerak hala eskatzen duenean», emakumeen kontratazioa bultzatzea bestetik.

Bide horretan, besteak beste, ondorengo proposamenak helarazi dizkie LABek Lakuari eta patronalari: enpresa eta Langileen Ordezkaritzaren artean adostea enpresa horretan egiten den kontratazioa ez diskriminatzailea izango dela; sindikatuek eta zuzendaritzak osatutako Enplegu Komisio bat sortzea, kontratazioen jarraipenak egiteko; lanketa berezia egitea lan eskaintza dagoen eremu geografikoan dauden kolektibo zapalduekin (migranteak, emakumeak edo LGTBI+ kolektibokoak, esaterako); lan poltsa bat sortzea lanposturako baldintza eta gaitasuna betetzen duten izenekin eta horien artean «zozketa» egitea, lan eskaerak hautatzeko.

Zozketa, genero ikuspuntuarekin

Hala, enpresa genero ikuspuntutik parekidea bada (gehienez 60/40) zuzenean zozketa egitea proposatzen du; eta hala ez bada (ez badu gutxienez 60/40 betetzen), zozketa egin ostean, dauden postuak lehentasunez emakumeek beteko lituzkete; «tartean dauden gizonak momentuz baztertuak izango dira, eta zerrendako emakume kopurua amaitzen denean, gizonak kontratatzen hasiko dira, zozketa eta gero ezarritako ordenaren arabera».