Naiz

Xabier Lete omenduko du Gipuzkoako Aldundiak bere heriotzaren X. urteurrenean

Xabier Leteren inguruko dokumentala eta erakusketa aurreikusi du Gipuzkoako Diputazioak 2020rako. Horrez gain, omenaldia egingo diote poetaren ibilbide literario eta musikala jarraituz, bere heriotzaren X. urteurrenaren baitan. Halaber, Xabier Lete Nazioarteko Euskarazko Poesia Sariaren bostgarren edizioan parte hartzeko deialdia zabalik dago.

Gaur goizean iragarri dituzte datorren urterako aurreikusitako ekimenak. (IREKIA)
Gaur goizean iragarri dituzte datorren urterako aurreikusitako ekimenak. (IREKIA)

2020ko abenduaren 4ean beteko da Xabier Lete hil zeneko hamargarren urteurrena. Hori dela eta, Denis Itxaso Kultura diputatuak Gipuzkoako Foru Aldundiak poeta eta abeslariari egingo dion omenaldia aurkeztu du, efemeride horren esparruan aurreikusitako jarduera eta ekimen nagusiekin batera.

Xabier Lete Nazioarteko Euskarazko Poesia Saria banatzea izango da ekimen horien artean lehena. Sariketa honen bostgarren edizioan parte hartzeko deialdia zabalik dago abenduaren 5era arte. Lehiaketara aurkezten diren lanak euskaraz izan behar dute, jatorrizkoak eta argitaratu gabeak.

Itxasoren hitzetan, sari hori «Xabier Letek euskarazko poesia belaunaldi oso bati hurbiltzeko egindako lanaren aitortza da», eta poetak «humanismoan eta balioen defentsan oinarritutako euskal nortasuna eraikitzeko» izan zuen dedikazioa azpimarratu nahi du. Ildo beretik mintzatu dira Maria Jose Telleria Kultura zuzendaria, Lourdes Otaegi Sariaren epaimahaikidea eta Juan Kruz Igarabide idazlea, ekitaldian zehar Leteren poema bat errezitatu duena. 

Kultura diputatuak gogorarazi duenez, Lete beti izan zen kulturarekin konprometitutako gizona. Bestalde, Itxasok 2020an zehar poetari egin nahi zaion omenaldi eta aitortzan izango diren jardueren berri eman du. Horien artean, aurreikusita dago musika eta poesia uztartuko dituen ekitaldi bat, eta horren formatua definitzen ari dira une honetan. Omenaldia Leteren ibilbide literario, musikal eta bizia jarraitu zuten pertsonak hartzeko gaitasuna duen antzoki edo areto batean egingo da.

Era berean, Gipuzkoako Foru Aldundiak eskuratu zituen artistaren funtsen aukeraketa bat egiten ari da Kultura Departamentua, horiek oinarri hartuta EAE zeharkatuko duen erakusketa bat diseinatzeko. Hirugarren ekimena, gaur ezagutarazi dutena, artistaren bizitzari eta obrari buruzko dokumental baten ekoizpena izango da, eta datorren urteko uda ostean estreinatuko dute.