Ramon Sola
DONOSTIA

Gaur 15 urte, Anoetako Proposamena garai berrien abiapuntu

Gaur pentsaezina den moduan bete zen igande arratsalde hartan Anoetako Belodromoa: lepo-leporaino, 15.000 lagunetik gora. Proposamen berritzailea aurkeztu behar zuen Batasunak, legez kanpoko egoeran izan arren. Perspektiban begiratuta, ‘Orain herria, orain bakea’ hori gabe nekez uler daiteke oraingo denbora.

Arnaldo Otegi, Palestinako zapiarekin eta olibondoaren adarraz mintzo. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)
Arnaldo Otegi, Palestinako zapiarekin eta olibondoaren adarraz mintzo. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)

Irudi ahaztezinak utzi zituen Anoetako ekitaldi hark, 2004ko azaroaren 14an, gaur 15 urte. Ez zen beste inor kabitzen Belodromoan, jakinminaren seinale. Zapi palestinarra jarri zuen oholtza gainean Arnaldo Otegik, Yaser Arafat hil berria zelako. Eta buruzagi palestinarrak Nazio Batuen Erakundean eginiko hitzaldi mitikoan erabilitako ikur batekin irudikatu zuen mezua: olibondoaren adarra eskutan zetorren ezker abertzalea, konponbidea eta bakea aldarrikatuz.

 

‘Orain herria, orain bakea’ izenburu zuen proposamena aurkeztu zuen orduan legez kanpo zen alderdi batek, Batasunak. Ausarta zen urrats politikoa, baita egiteko modua ere, arriskua nabarmena baitzen. Hurrengo egunean bertan Fiskaltzak dilijentziak ireki zituen, antolatzaileen aurkako prozesu luze bat abiatuz, zeinean Javier Balza Lakuako Barne sailburua bera deklaratzera deitu zuten. Orduko Donostiako alkate Odon Elorzaren gaineko presioak izan ziren, Belodromoa erabiltzea debeka ziezaien, baina kontrakoa egin zuen Elorzak, Gemma Zabaleta eta Denis Itxasorekin batera: ezker abertzalearen mugimenduei kasu egiteko eskatu zioten Jose Luis Rodriguez Zapatero espainiar presidenteari, iritzi artikulu baten bidez, «tunelaren bukaeran egon gaitezkeelakoan».

Ilegalizazioaren aurreko altxamendu horrek ere lagundu zuen Belodromoa betetzen eta ekitaldiaren emozioa biderkatzen. Une hunkigarriena, Otegik hitza hartu aurretik, Itziar Aizpurua eta Jon Idigorasen eskutik etorri zen. Inoiz baino adoretsuago mintzo zen Aizpurua, txalo zaparrada ikaragarria jasoz bidean eroritakoak gogora ekarri zituenean, «hona heldu izanak merezi izan du, bidea jorratzeko eta etapa berri bat irekitzeko» adierazi aurretik. Arnasestuka egin zuen Idigorasek, jada gaixorik zela (zazpi hilabete geroago hilko zen), «apustuari heltzeko prest» zeudela nabarmenduz.

Zeintzuk ziren «etapa berri» eta «apustu» haiek? Konponbiderako eskaintza berritzailea barnebiltzen zuen Anoetako Proposamena, Euskal Herriari zuzendua baina era berean zeharka-edo Zapateroren Gobernuari aurkeztua. Estreinakoz, negoziaziogunea bitan banatzen zen: gatazka armatuaren arlo zehatza (biktimak, presoak, desmilitarizazioa...) ETAk eta Gobernuak negoziatu beharko lukete, baina arlo politikoa ez, euskal eragileen eskuetan gelditzen zen. Bide horretik garatuko zen negoziazio prozesua 2005tik 2007ra: mahai batean Gobernua eta ETA (Oslon eta Ginebran) eta beste batean alderdiak (Loiolan). Azkeneko saiakeran, 2007ko ekainean, bi mahaiak batera bilduko ziren: Gobernua-ETA eta PSOE-Batasuna, modu errazean azaltzeagatik.

Prozesuak ez zuen akordiorik ekarri, baina Anoetan agerturiko prozedurak iraun egin zuen. Proposamenaren edukia errepasatuz, gaurkotasun handiko kontuak ageri dira. Bakeari «lehentasuna» ematen zitzaion espreski. Eta arlo politikoan azken erabakia euskal hiritargoak hartuko zuela, galdeketa bidez, nabarmentzen zen. 2004. hartan, gatazka armatua bortitza zelarik, oraindik nahiko iraultzaileak ziren kontzeptu haiek.

«Gerra egitea baino zailagoa da bakea egitea»

Horretaz jakitun, nabarmen arduratuta mintzo zen Otegi, bere onena emanez. Bere hitzaldi onenetarikoa izan zen azaroaren 14ko hura... onena ez bada. «Bakea egitea gerra egitea baino zailagoa da», esan zien 15.000tik gora entzule haiei «Arerioekin akordioa eta etsaiekin konplizitatea landu behar ditugu», erantsi zuen. Eta honela bukatu zuen: «Ez gara hona heldu aukera historiko hau alferrik galtzeko, bakea eta demokrazia irabazteko baizik».

Ohiko «ez da nahikoa» erreakzioen gainetik, astindu ederra eragin zuen Anoetako Proposamenak. Hasieran horren zantzurik izan ez bazen ere, 2005-2007ko negoziazio prozesua olioztatu zuen. Baina gaurko taialatik ikusita, batez ere 2009-2011ko ziklo aldaketaren sustraiak jarri zituen. Historiaren pasarte garrantzitsu baten lehen atala idatzi zen bertan.