NAIZ

Pensiodunek «ekintzak» eskatzen dituzte; zehazki, pentsio sistema publikoa «legez» bermatzea

Hego Euskal Herriko pentsiodunak kalera aterako dira larunbat honetan pentsio sistema publikoaren defentsan. Lau hiriburuetan, Eibarren eta Tuteran egingo dituzte manifestazio bana eta hitzak baino, ekintzak eskatzen dizkiete agintariei. Bilbo eta Donostiako manifestazioen xehetasunak eman dituztue ostegun honetan.

Gipuzkoako pentsiodunen prentsa agerraldia, Donostian. (Gorka RUBIO / FOKU)
Gipuzkoako pentsiodunen prentsa agerraldia, Donostian. (Gorka RUBIO / FOKU)

Pentsio sistema publikoak defendatuko dituzte Hego Euskal Herriko pentsiodunek larunbatean egingo diren manifestazioetan. «Agintzen duenak agintzen duela, pentsioak defendatu egiten dira», lelopean aterako dira Iruñean, Gasteizen, Bilbon, Donostian, Eibarren eta Tuteran.

Honen harira, ostegun honetan prentsaurreko bana eskaini dute Bizkaiko eta Gipuzkoako pentsiodunen plataformek. Bietan nabarmendu dute «ekintzak» behar dituztela, eta ez hitzak. «Hitzak haizeak daramatza», adierazi du Alderdi Ederreko pentsiodunen plataformako bozeramaile Maria Serranok.

Estatu espainola gobernatzeko PSOE eta Podemosek sinaturiko aurreakordioarekin konforme agertu dira baina ohartarazi dute mobilizatzen jarraituko dutela pentsio sistema publikoa «legez» ziurtatu arte.

«18 hilabete baino gehiago eduki dute sistema publikoa eta pentsio duinak bermatzeko, eta ez dute lortu. Ez gaude prest berriro istorio bera ikusteko», adierazi dute Bilbon.

Bilbon, lau zutabe

Euskal Herriko Eskubide Sozialen karta, sindikatu guztiak, ikasle eta feministen plataformak eta beste hainbat antolakundek babesa adierazi eta manifestaziora atxiki dira.

Bilboko mobilizazioaren xehetasunak ere eskaini dituzte. 17.30ean hasi eta lau zutabe izango ditu: San Pedro plaza (Deustu), Zabalburu, Kale Nagusia eta Areatza. Guztiak Moyuan elkartuko dira eta Udaletxe parean amaituko dute manifestazioa.

Donostian, ohi bezala, Alderdi Ederretik abiatuko da martxa 17.00etan; Hernani kalea, Askatasunaren Hiribidea eta Okendo kaleak zeharkatu eta Boulevardeko kioskoan bukatuko dute.

Aldarrikapenak Legebiltzarrera

Asteroko elkarrerataratzeetako aldarrikapen berberak zabalduko dituzte. KPIaren araberako igoera eskatzen dute, hala nola 1.080 euroko gutxieneko pentsioa bermatzea, baina Donostian nabarmendu dute hori guztia bermatzeko beharrezkoa dela Pentsioen Lege bat.

Abenduan, Nafarroa eta Gasteizko Legebiltzarretan aurkeztuko dituzte beraien aldarrikapenak; hauek lege proposamena eratu dezaten ondoren Estatu espainoleko diputatuen Kongresura eramateko. Horrela, «Nafarroa eta EAEren arteko batasunaren bitartez, Kongresuan kontuan izango dituzte gure eskakizunak», azaldu du Gipuzkoako Adinekoen eta Pentsiodunen Elkarteen Plataformako bozeramaile Jon Gorrotxategik.