Jon Ormazabal

Pilotek baino, ezker hormak sortu du kezkarik gehien

Joseba Ezkurdia eta Jokin Altuna gustura geratu dira Navarra Arenan aurkitutako materialarekin eta, espero bezala, Ezkurdiak pilota bizigoak aukeratu ditu igandeko Lau eta Erdiko Txapelketaren final handirako.

Ezkurdia eta Altuna III.a, pilotak erakusten (Iñigo URIZ / FOKU)
Ezkurdia eta Altuna III.a, pilotak erakusten (Iñigo URIZ / FOKU)

Pilotariek igandean finala jokatuko duten Nafarroa Arenako kantxari neurria hartu ezinda jarraitzen dute eta bertako ezker pareta latzak –pilotak asko egiten du kanpora, besteetan baino gehiago bai behintzat– kezkatzen ditu gehiago Joseba Ezkurdia eta Jokin Altuna pilotek baino gehiago.

Aurreko astean bertan entrenatzerik izan ez zutenez, batak eta besteak saio motz bat egiteko aukera baliatu nahi izan zuten aukeraketa, nahiz eta bihar bertan ospatuko den Estoparen kontzertuak erabat baldintzatu zuen pilotarien, kazetarien eta bertaratu ziren pilotazaleen jarduna. Esaterako, igandean pilotazalerik gehien bilduko dituen harmaila ez zuten ireki, bertan egongo delako kokatuta musikarien agertokia.

Baina eguneko eginkizun nagusia iganderako pilotak aukeratzea zen eta horrekin behintzat gustura amaitu zuten biek. «Pilota onak iruditu zaizkit, aukeratzen ari ginela uste nuen Josebak bertan zegoen biziena aukeratuko zuela, baina ez du hartu. Bereak fuerteagoak dira, nireak agian gehiago jokatzekoak, frontisetik gutxixeago irteten direnak, baina laurak egokiak dira», azaldu du Jokin Altunak.

Egungo txapeldunak ere gustura amaitu du aurkitutakoarekin eta alde horretatik ez da inolako arazorik izango. Biak ere bat etorri dira igandeko partida pilotaleku oraindik ezezagun honetan prestatzeko denbora gehiago nahi izango zuketela nabarmentzerakoan, baina bientzat baldintzak berdinak direnez, ahalik eta egokien moldatzen saiatu beharko dute.

Partidaren giltzen inguruan ere biak bat etorri dira eta jokoaren ekimena eramatea funtsezkoa izango dela esan dute.