Bidaia musikala proposatu dute Garikoitz Mendizabal eta Xabier Zabalak ‘Ibili munduan’ diskoan

Elkarrekin maiz lan egindakoak badira ere, ‘Ibili munduan’ da Garikoitz Mendizabal txistulariak eta Xabier Zabala soinujoleak elkarrekin argitaratzen duten lehen diskoa. Hamabi kanturen bidez munduan zehar bidaiatzea proposatzen dute musikariek.

NAIZ|16/11/2019
Zabala_mendizabal_diskoa
Garikoitz Mendizabal eta Xabier Zabala. (NAIZ)

Sarritan elkarrekin lan eginak badira ere, orain artean batera disko bat argitaratu gabeak ziren Garikoitz Mendizabal txistularia eta Xabier Zabala soinujolea. ‘Ibili munduan’ da euren arteko lehen argitalpenaren izena eta, bertan, munduan zehar bidaiatzeko proposamena egiten diote entzuleari, hamabi kanturen bidez.

Andoni Egaña bertsolari eta euskaltzaleak diskoaren aurkezpenerako propio idatzitako testuan, bi musikarion jarduna izan du gogoan: «Dantzan hasi eta munduari gerritik helduko bagenio, 40.000 kilometroko zabalera duela konturatuko ginateke. Kilometro gehiago egiten dituzte urtero urtero Garikoitz Mendizabalen autoan bere txistuek; beste hainbeste Xabier Zabalaren eskusoinuek. Gehien gehienak hemen, Euskal Herrian. Oraingoan, munduan zehar bidaia musikal bat egitea erabaki dute».

Diskoaren izenburuari ere egin dio erreferentzia Egañak: «Ezaguna da gure esaera zaharra: ‘Txapela buruan eta ibili munduan’. Esaeraren bigarren zatia baino ez dute erabili diskoaren izenbururako. Seguraski, munduarekin dantzan hasi, eta txapela kentzeko moduko lan bat egin dutelako».

Argitalpenak, esan bezala, hamabi kantu batzen ditu, guztiak lagun dituzten musikariekin grabatuak. Besteren artean Juantxo Arakama, Josu Elberdin, Xabi Aburruzaga, Carlos Nuñez, Aitor Furundarena, Iñaki Salvador edota Amaiur Cajaravillek hartu dute parte diskoan. Diskoa Durangoko Azokan eskuratu ahalko da.