NAIZ

Mauleko hiltegian grabatu izanagatik 5.000 euroko isuna jaso du L214 elkarteak

L214 elkarteak eginiko bideoak Mauleko hiltegian animaliei emandako tratu ankerra agerian utzi zuen. Grabazioaren ondorioz, enpresak 10.000 euroko isuna jaso zuen. Bestalde, afera horrengatik auzipetu zituzten lau langiletatik hiruk isun arina jaso zituzten, baita hiltegiko zuzendariak ere. Oraingoan elkartea zigortu dute.

Mauleko hiltegia. (Isabelle MIQUELESTORENA)
Mauleko hiltegia. (Isabelle MIQUELESTORENA)

L214 elkarteak animalien defentsa hartu du bere sorreratik. Animaliak garraiatzeko modua eta, azkeneko urteotan, abereak akabatzeko orduan hiltegietan baliatzen dituzten «modu ankerrak» salatzeko hainbat salaketa kanpaina aitzineratu du. Izan ere, Maulen hartu zituen irudiak direla eta 10.000 euroko isuna ordaindu beharko du elkarteak.

Mauleko hiltegian ezkutuan harturiko bideo baten laguntzaz, abereek hil aurretik jasan zuten tratu krudela salatu zuen, 2016ko martxoan, aipaturiko elkarteak. Bideoa birala bilakatu ondoren, hiltegiko jabea eta lau langile ere auzipetu zituzten Pauen.

Bideoa plazaratu eta hiru urte beranduago iragan zen auzi horretan Gerard Clement Mauleko hiltegiko zuzendari ohiari 6 hilabeteko espetxe zigorra (bete beharrik gabe) eta 200 euroko isuna ezarri zion epaileak, «iruzurra» egiteagatik.

L214 elkarteak ezkutuan hartu zituen irudietan txahalak eta arkumeak hiltzen agertzen ziren lau langileek, ostera, 80 eta 520 euro arteko isunak jaso zituzten animaliei «beharrezkoa ez zen tratu txarra ematea» egotzita.

Finean, Mauleko hiltegiak 3.800 euroko isuna jaso zuen tratu txarrengatik, 10.000 euro kalitatearen iruzurra egiteagatik eta beste 10.000 euro eragindako kalteengatik.