Nagore BELASTEGI
Donostia

Gaizkia egiteko gai den munstro gizatiarraren inguruko ipuinak osatu ditu Karlos Linazasorok

Gaizkiaren inguruko hausnarketa egin du Karlos Linazasorok ‘Hik ez dakik zer den beldurra’ (Erein) ipuin liburuan. Bere ohiko estilotik aldendu da oraingoan, umorea eta ironia alde batera utziz, gizakiaren alderik ilunena aztertzeko.

Linazasoro bere erosotasun eremutik atera da eta estiloz aldatu du. (Maialen ANDRES / FOKU)
Linazasoro bere erosotasun eremutik atera da eta estiloz aldatu du. (Maialen ANDRES / FOKU)

Beldurraren inguruko ipuin laburrak idatzi ditu Karlos Linazasorok ‘Hik ez dakik zer den beldurra’ lanean. Gaizkiari buruzko hausnarketa egitea izan da bere helburua, alegia, gizakia gaizkia egitera zerk bultzatzen duen pentsaraztea. Egilearen hitzetan, ipuinak gidoiak bezalakoak dira, biluziak, apaingarririk gabeak, batzuetan non gertatzen diren edo protagonistak zeintzuk diren ere ez da azaltzen, muina besterik ez.

Ipuin guztietan poema bat gehitu du, beste egile batena. Batzuetan poematik sortu da ipuina, eta beste batzuetan ipuina idatzi ostean bilatu dio dagokion poema. «Nire kezka egiturarekin asmatzea izan da. Idazterakoan etxetik kanpo ibili naiz, nire ironia, umore, absurdutik kanpo. Pixka bat galduta sentitu naiz. Saiatu naiz formula ez hain erabilia egiten», aitortu du.

Ereinekin atera duen liburu honetan 18 istorio biltzen dira, denak desberdinak, baina badute amankomunean guztietan tragedia bat dagoela. Horiekin beldur forma desberdinak ageri dira, eta irakurlea pertsonaien azaletan jartzeko intentzioa dute. Ispilu bat izateko xedea dute ipuinek, irakurleak pentsatu dezan ea berak zer egingo lukeen egoera horren aurrean. «Adibidez, istorio xenofobo bat dago. Inor ez da xenofoboa, baina jar zaitez pertsonaiaren lekuan eta esaidazu ea zer egingo zenuken, ea xenofoboa zaren», argitu du. Komando bateko kidea den edo polizia torturatzaile bat ere ageri dira liburuaren orrietan. «Pertsonai batzuk beldurrarekin damua ere sentitzen dute; beste batzuk ez, esaten dute berriro egingo luketeela», kontatu du.