MARTXELO DIAZ
IRUÑEA

‘Itzaletik argira’ dokumentala hilaren 27an estreinatuko dute Iturramako Civivoxen

Hilaren 27an Iturramako Civivoxen ‘Itzaletik argira’ dokumentala estreinatuko da. Iruñeko auzo honetan preso kopuru handia izan zuten, hamar. Orain, berriz, ez dago batere. Ibilbide hori jasotzen du dokumentalak.

Dokumentalaren irudi bat.
Dokumentalaren irudi bat.

2018ko irailean Hodei Ijurko espetxetik atera zen. Ordutik hona Iturrama presorik gabeko auzo bilakatu da. Egoera berri hori azaltzeko eta auzoak izan duen ibilbidea kontatzeko ‘Itzaletik argira’ dokumentala ekoiztu dute Iturraman martxan jarri den ekimen batek bultzatuta. Helburuak memoria kolektiboa eta aurrera begirako auzo erronkak finkatzea da.

Dokumentala hilaren 27an estreinatuko da Iturramako Civivoxen, 18.30etatik aurrera.

«Guk kontatu ezean inork kontatuko ez dituen istorio asko barnebiltzen dira hemen. Ahanzturan itzi ezin direnak», azaldu zioten Ahotsari ekimena martxan jarri zutenean. Izan ere, apenas bi urtetan (2008tik 2010era) Iturrama bezalako auzo batek hamar preso izatera pasa zen. Erabateko jazarpen poliziala pairatzen zuen auzoak garai horietan, gazte mugimendua edo ezker abertzalearen egitura politikoen kontra jotzeko. Atxilotuetako askok tortura salatu zituzten. Orotara, 46 urteko espetxe zigorrak jasan behar izan zituzten Iturramako auzokideek. Eta sakabanaketak eragindako zigor erantsia ere pairatu zuten senide eta gertukoek.

«Iturrama auzoko azken hamar urteotako historia errepresioaren, zapalkuntzaren, jazarpenaren, etsipenaren, oinazearen eta amorruaren historia izan dela ahazten ez den bezala, gainditzen pertsonal eta kolektiboaren, bizitzaren, maitasunaren, borrokaren, duintasunaren eta itxaropenaren historia ere bada», aldarrikatu nahi dute dokumentala ekoiztu dutenek.