IDOIA ERASO

Berritasunekin heldu da Zinegin, euskarazko zinemaren jaialdia

Zinegin, euskarazko zinemaren festibala da Ipar Euskal Herrian. Gaur, azaroaren 21ean Hazparnen abiatuko den jaialdiaren 8. edizio hau 24an bukatuko da, eta ohi bezala filmak ikusteaz gain, lehiaketa hitzaldiak eta ikastaroak ere izanen dira. Programazio aberatsari hainbat berritasun gehitu dizkiote aurten. 

"Anti" filmearekin irekiko da Hazparneko jaialdia. (NAIZ)
"Anti" filmearekin irekiko da Hazparneko jaialdia. (NAIZ)

«Euskal hiztunen komunitatearengana heltzea da gure xedea» azaldu du Joana Duhalde jaialdiko antolatzaileak. Hori du berezitasuna igandera arte Hazparneko Haritz Barne zinema gela eta Ttattola gaztetxearen artean eginen den programazioan, euskaraz izanen direla bai filmeak, baita hitzaldiak, tailerrak eta lehiaketa ere.

Euskarazko filmen gehiengoa Hego Euskal Herrian egiten da, eta Bidasoa zeharkatzea ez da beti erreza izaten, hori dela eta produkzio zabala Lapurdiko herrira eramatea da xedea. Azken urteotan luzemetraiak zinema areto komertzialetan ikusteko aukera handitzen ari bada ere, ez da oso anitza. Eskaintzaren zabalkunde horiek gora behera, jaialdira hurbiltzen diren ikusleen kopuruak egonkor jarraitzen du, «interesa mantentzen» dela ziurtatu du antolatzaileak, eta ikusleak «fidelak» direla gaineratu du.

Aldi berean sare komertzialetik kanpo gelditzen diren lanak ikusteko parada ematea helburu ere badela azaldu du Duhaldek: «Fikziozko luzemetraientzat bitartekari gehiago badira, baina dokumental eta laburmetraientzat zailagoa da. Donostiako Zinemaldira joaten gara zer dagoen ikustera eta gero Hazparnera ekartzen entsaiatzen gara».

Josu Martinezen "Anti" filmarekin abiatuko da jaialdia ostegunean. Programazio aberatsaren baitan, ostiralean laburmetraiak eta Telmo Esnalen "Dantza" ikusteko parada izanen da. Larunbata izanen da egun nagusia, non "Teresa eta galtzagorri", "Ikuska", "Lou. Dantzan jo ta ke, oinak lehertu nahian", "Bi txirula", "Napardeath" eta "Big boy dokumentala" aurkeztuko diren.

Igandean berriz ere "Dantza" izanen da, baita laburmetrai berri batzuk ere. "Paseko txoriak" eta gero "Soinujolearen semea"rekin amaituko da aurtengo edizioa.

Berritasunak

Larunbatekoa "Gau absurdo" gisara definitu dute. "Napardeath" zonbi filma umoretsua dago horren oinarrian. "Ataun of the death" trilogiaren azken lana dela baliatuta gaualdi berezia eskaini nahi izan diote Hazparnen, eta Beñat Iturrioz zuzendaria ere gonbidatu dute.

Gaualdiaren baitan "Big boy dokumentala" ere programatu dute, Big boy musika taldeak sarean jarri zuen diskoarekin kaleratu duen dokumentala hain zuzen ere. «Ez da erreala, baina benetakoa balitz bezala da» azaldu du Duhaldek.

Klipklap lehiaketaren formatoa ere aldatuko da aurten, partehartzaileek bere obra 48 orenez egin beharko dute. Azken momentuan gaia emanen zai, eta bi egunez egin beharko dute aurkeztuko duten laburmetraia. «Desafioa handiagoa» izatea da aldaketa honen bitartez antolatzaileek bilatu dutena.

Bi ikastaro ere izanen dira, soinuari buruzkoa bat, Radiokultura internet bidezko irratiaren eskutik, eta bestea Super 8an grabatutako imaginei buruzkoa, errebelatzen ikasteko parada ere eskainiko zaie ikasleei.