NAIZ

Genero arrakalak kultur arloan duen eragina aztertuko dute Donostiako Miramarren

‘Genero programak eta praktikak kulturan’ jardunaldiak hartuko ditu Donostiako Miramar jauregiak azaroaren 30ean. Jaurlaritzak kultur arloko genero arrakalaz egindako txostena izango du abiapuntu.

Bilboko Aste Nagusiko kontzertu bat. (Luis JAUREGIALTZO | FOKU)
Bilboko Aste Nagusiko kontzertu bat. (Luis JAUREGIALTZO | FOKU)

Aurtengo irailean Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak kultur arloko genero arrakalaren gaineko datuak mahaigaineratzen zituen txostena ezagutarazi zuen. Azterketa horretarako kultur munduko hainbat pertsonaren gogoetak hartu zituzten kontutan aztertzaileek eta, besteren artean, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan emakumeen okupazioa %47koa zela argitzen zuen, gizonena baino sei puntu txikiagoa (%53).

Arloz arloz, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako antzerkiaren, dantzaren, literaturaren eta musikaren gaineko diagnosiak aurkezten ziren txostenean eta, datu horietan sakondu asmoz, jardunaldiak antolatu dituzte azaroaren 30erako, Donostiako Miramar jauregian.

Jardunaldiak 9.30ean abiatuko dira aurkezpenen orokorrarekin eta, ostean, arlo bakoitzeko adituek hartuko dute hitza. Musika  arloaz ariko dira Ainara LeGardon eta Amaia Ispizua, liburu sorkuntza izango dute hizpide Tere Irastorza eta Ainhoa Novok, dantzaz mintzatuko dira Igor de Quadra eta Jemima Cano eta antzerkiko egoerari helduko diote Eneritz Artetxe eta Maria Goiricelayak.

Jardunaldien amaieran, sektoreka, esku-hartze proposamenen balorazioa egingo dute eta, amaitzeko, ondorio orokorrak plazaratuko dituzte. Izena emateko epea zabalik da. Harremanetarako: kultura@euskadi.eus.