NAIZ

Idazle Galiziar Unibertsal izendatu dute Mariasun Landa

Idazle galiziarren elkarteak Idazle Galiziar Unibertsal izendatu du Mariasun Landa, bere obraren «kalitate literario bikaina» eta Euskal Herriaren «duintasun nazionala defendatzen» egindako lana saritzeko. Saria 2020ko maiatzean jasoko du, Galizan bertan.

Maiatzean jasoko du saria Mariasun Landak. (Andoni CANELLADA/FOKU)
Maiatzean jasoko du saria Mariasun Landak. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Idazle galiziarren elkarteak (Asociación de Escritoras e Escritores en Lingua Galega) Idazle Galiziar Unibertsal izendatu du Mariasun Landa. «Bere pertsonari diogun errespetu sakonetik, bere obraren kalitate artistiko bikainagatik eta Euskal Herriko hizkuntza, identitatea eta duintasun nazionala defendatzeagatik» saritu dute, elkartetik adierazi dutenez.

Elkartearen ohorezko saria da Landak jasoko duena, aurreko edizioetan Mahmud Darwix, Elena Poniatowska, Antonio Gamoneda, Jose Luis Sampedro, Bernardo Atxaga edota Maria Teresa Horta idazleek jaso dutena, beste batzuen artean.

Landak 2020ko maiatzaren 9an jasoko du saria, Santiago de Compostelan egingo den Liburu Galiziarraren V. Galaren testuinguruan.

Mariasun Landak (Errenteria, 1949) Filosofia ikasketak egin zituen Parisen eta urte asko eman zituen Lehen Hezkuntzako irakasle gisa lanean. Haurrentzat liburu ugari idatzi ditu –‘Galtzerdi suizida’ eta ‘Krokodiloa ohe azpian’ daude ezagunenen artean– eta bere jardunagatik hainbat sari jaso ditu. 1991n ‘Alex’ ipuinagatik Euskadi Saria eskuratu zuen eta 2003an ‘Krokodiloa ohe azpian’ narrazioagatik Haur eta Gazte Literaturaren Sari Nazional espainola. 2014an, Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxaren Humanitate, Kultura, Arte eta Gizarte Zientzia Saria jaso zuen. Bere obrak hainbat hizkuntzatara itzuli izan dira: gaztelania, katalana, galiziera, frantsesa, ingelesa, italiera, greziera, esloveniera, arabiera, koreera, etab.