NAIZ

Erraustegian egingo dituzten lurrun-zirkuituko proben zarata 100 dezibeletara irits daiteke

Gipuzkoako Hondakinen Kontsorzioak (GHK) abenduaren 9tik aurrera eta hamar egunez lurrun-zirkuituko frogak egingo dituztela iragarri du. Horren ondorioz, zarata 100 dezibeletara (db) irits daiteke.

Zubietako Erraustegia frogetan. (Gorka RUBIO/FOKU)
Zubietako Erraustegia frogetan. (Gorka RUBIO/FOKU)

Hainbat proba egiten ari dira Zubietako erraustegiari lotutako instalazioetan, eta horien artean ur/lurrun zirkuitua garbitu eta prest jartzeko lanak egingo dira datorren astelehenetik aurrera, 10 egunez.

Prozesu honetan, martxan jarri aurretik, putz egin behar da, eta horrek erraustegiaren inguruan entzun ahal izango den zarata sortuko duela azaldu du Gipuzkoako Hondakinen Kontsorzioak (GHK).

Probak goizeko 7.00etan hasiko dira, eta 16.00etan amaitu. Lurrun-presioa puntako balioetara iritsiko da 11.00etatik 13.00etara, eta tarte horretan sortuko da zarata maila handiena, 100 dezibelera (db) irits baitaiteke.

GHK-k atmosferara egingo diren emisioak «erabat kaltegabeak» direla azaldu du: «Ur-lurruna baino ez da, eta atmosferara askatzen da zirkuitua probetan zehar ez dagoelako turbinara konektatuta».

Era berean, lurrun-zirkuituaren funtzioa «hondakinen errekuntzak sortutako beroa aprobetxatzea» dela azaldu du, ura lurrun bihurtu eta, hala, sorgailuaren turbina mugitu eta energia elektrikoa sortzeko.

«Eskema ohiko planta elektriko baten berdina da, nahiz eta kasu honetan hondakinak erabili erregai gisa», gehitu du.

Hainbat hilabete iraungo duen probaldia aurreko astean hasi zen, bederatzi tona hondakin erre zituztenean eta kea dariola zegoen errausketaren zero gunea. Martxorako ehuneko ehunean funtzionatzea espero dute.

Horren harira, Usurbilgo Udalak erraustegiaren aurkako urgentziazko mozioa onartu zuen osoko bilkuran, errauste-planta probaldi fasean sartu zen egun berean.

EH Bilduk aurkeztu zuen mozioa eta berak bakarrik bozkatu zuen alde, EAJk eta PSEk aurka egin zuten. Mozioarekin batera abenduaren 13rako manifestazioa deitzea onartu zuen Udalak, 19.00etan Joxe Martin Sagardia plazatik abiatuta.