Oihane Larretxea
Donostia

Dantza eta antzerki laburren jaialdia aurrenekoz, Szenatokian

Dantza eta antzerkia ardatz dituen espazio honetan badira nobedadeak. Aurten, lehenengoz, emankizun laburren jaialdia antolatu da, Euskal Herriko hamar konpainiaren eskutik. Euskaraz izango dira eta 15 minutuko iraupena izango dute.

Dantza eta antzerki pieza laburren lehen jaialdia ospatuko da. (FOKU)
Dantza eta antzerki pieza laburren lehen jaialdia ospatuko da. (FOKU)

Erabaki zenetik Durangoko Azoka disko eta liburuaren azoka baino gehiago zela, Szenatokiak izan du garapena; ezagutza maila aldetik lehendabizi, edukien berritasunaren aldetik gero. Baina goazen atalez atal.

Aurtengo nobedadea da Dantza eta Antzerki Laburren jaialdia. Arantza Arrazola koordinatzaileak azaldu duenez, sorkuntzak euskaraz izango dira eta Euskal Herriko hamar konpainiaren eskutik datoz. Orotara, larunbatean zein igandean, 30 emanaldi eskainiko dira (talde bakoitzak bizpahiru emanaldi egingo ditu ordutegi ezberdinetan).  «Berezitasun batzuk badituzte. Adibidez, iraupena bera, zeren labur laburrak izango dira, 15-20 minutu artekoak. Formatu bizkor honek gaur egun oso ondo funtzionatzen du. Baina denbora tartea ez ezik, eskainiko diren lekuak ere dira bereziak», dio.

San Agustin Kulturguneko hainbat espaziotan eskainiko dira, eszenatokian egiteaz gain, horren ohikoak ez diren lekuetan ere emanaldiak egingo dituzte: bulegoetan, sarreran, ganbaran... «Ekimen bitxia eta sorpresaz jositakoa izango da, beraz», aurreratu dute.

Besteak beste, honako taldeek parte hartuko dute: Gilkitxaro, Cia Paganini, Haatik, Abarka, Goitibera eta abar. Larunbatean goizeko 11.00etan hasita, egun osoan zehar pieza bakoitza birritan edo hirutan ikusteko aukera egongo da. Ikusleak aukeratu beharko du zein ordutan ikusi gura duen obra bakoitza, eta bere egitarau propioa osatu. Sarrera, gainera, debalde izango da.

Talentua bultzatu

Umorea izango da haria, Arrazolaren hitzetan, eta amateurrak zein profesionalek hartuko dute parte. «Horrelako espazio batek sorkuntza demokratizatu egiten du, hasiberriek eta aspaldiko profesioalekin partekatzeko aukera ematen duelako», uste du.

«Talentuari buruz zer esan dezakegu?», galdegiten diogu NAIZetik. «Jende pila ari da gauza interesgarriak egiten. Sorkuntza gizartean pil-pilean dago eta badago jendea oso oso ideia onak dituenak. Eta ideia horiek garatzeko antzerkia modua da. Euskal Herrian talentua badago, oso argi daukat hori». Ezinbestekoa ikusten du Szenatokia-ko koordinatzaileak publikotik bultzada ematea horri, eta bide onean goazela iritzi du. Herri mailan herriko talentua sustatu eta babestea ere garrantzitsua ikusten du.

Jendearengana heltzeko dituzten erraztasun zein zailtasunez, urratsak somatu dituzte, alegia, ailegatzen direla publikora. Onartzen du dantza eta antzerkia ez direla musika eta literatura ebzain erraz ailegatzen. «Bai, zailagoa da, baina lortu dugu azoka izatea gugana heltzeko modua. Esango nuke iaz izan zela, Szenatokiko antolatzaileek behintzat sentsazio hori izan genuen, gune hau ezagutzen zela profesionalen eta afizionatuen artean iada. Ordurarte gune bat zen, jendea pasa egiten zen, baina orain ikusten dut afizioa. Azokan, pabilioi barruan bazaude edo beste gune batzuetan… Szenatokiari gehiago kostatu zaio. Gugana jendea espreski etorri egin behar da, eta konturatu gara bilatzen gaituztela. Gugana badatozela», aipatzen du.