Jon Ormazabal

Lider sendoak direla berretsi dute Artola-Imazek (14-22)

Mariezkurrenak erritmo falta igarri du kantxetatik at bi hilabete pasa ostean eta nahi baino huts gehiago pilatu ditu.

Iñaki Artolak partida bikaina jokatu du(Iñigo URIZ/FOKU)
Iñaki Artolak partida bikaina jokatu du(Iñigo URIZ/FOKU)

Euren enpresako bikoteen aurkako lehen hiru partidak jokatuta, lider oso sendoak direla berretsi dute Iñaki Artola eta Ander Imazek, Bengoetxea VI.a-Mariezkurrenari 14-22 irabazita. Gipuzkoarrek ez dute, agian, beste bikote batzuek duten izen edo distirarik, baina jokoz gainezka harrapatu ditu txapelketa hasiera honek eta hirugarren puntua lortu dute Tolosan.

Nekez jar ziezaioketen txapelketan sartzeko aurkari gaiztoagorik lesio desberdinak direla medio, azken bi hilabeteak kantxetatik kanpo eman dituen Jon Mariezkurrenari. Berriozarreko atzelariak pilotakada ederrak jo ditu, batez ere eskubiarekin, baina deseroso aritu da bere unerik onenean den Ander Imazen aurka. Iñaki Artolak ere ondo ikusi du atzean zigortzea zela erabili beharreko taktika eta nafarrak, azkenerako, huts gehitxo pilatu ditu, nahiz eta, partidekin gora egingo duela erakutsi duen.

Gauzak horrela, hasieran 3-0 aurreratu diren arren, partida gehiena markagailuan atzetik zirela jokatu behar izan dute Baikoko nafarrek. Nola edo hala, orekari eutsi ahal izan diote bederatzinako berdinketara arte, baina hortik aurrera urdinak ondo nagusitu dira. Pilotak errez irteten die biei bi eskuetatik, fisikoki ere inolako arazorik gabe dabiltza eta, gainera, garaipenek ematen duten konfiantza horrekin, erraz nagusitu dira azkenerako.

Peña-Arangurenen bigarrena

Promozio mailari dagokionean, Jon Ander Peña eta Arangurenek txapelketako bigarren puntua eskuratu dute, Arteaga II.a-Erasuni 15-22 irabazita.