chronicle
Durangoko Azoka 2019
Durangoko Azokara zerrenda bat eginda joatea gomendatzen dute bisitariek

Goiz ibiltzea eta zer eta non erosi argi izatea dira bisitari gehienek jarraitzen dituzten gomendioak. Lehen orduan Landakon sartzen direnak dira lasaien ibiltzen direnak eta behin zerrendako izenburuak tatxatuta, nobedadeak deskubritzeko aukera gehien dituztenak. 

Nagore BELASTEGI|Durango|07/12/2019
Porrotx
Gaur Porrotx etorri da Durangora jarraitzaileekin argazkiak ateratzera. (NAIZ)

Landako zabaldu aurretik eraikin inguruan pilatzen den jendea dago goizeko, baina zertarako, azoka egun osoan zehar zabalik badago? Bisitariek beraiek eman digute erantzuna, goiztiarrenak baitira lasaien erosten dutenak. Gainera, goizeko lasaitasunaz baliatzen direnek etxeko lanak eginda ekartzen dituzte eta badakite zer erosi nahi duten eta non aurkituko duten.

Berri Txarraken postuan Lekunberriko taldearen ibilbidea jasotzen duen liburua erosi ostean Gorka Urbizurekin argazkia atera du Oreretatik etorri den Ainara lasartearrak. «Txikitatik etorri izan naiz, 7-8 urte nituenetik. Bisita behartua da. Lehenengo helburua Berri Txarraken liburua erostea zen jakinda zenbat jende egongo zen, baina orain beste liburu batzuk begiratzera joango gara. Beti egoten da libururen bat erosi nahi dudana, edo azken urteetan diskoren bat. Beti etortzen gara lehen orduan; inoiz ezin da jakin zein egun izango den jendetsuena, baina beti egoten da jende asko eta horregatik etortzen gara goiz xamar», kontatu digu.

Ondoko standean aurkitu ditugu Esther eta honen alabak, Alazne eta Maitane. Txikientzako gauza pila bat erosiak zituen jada: «Zerrenda bat dugu eta erosketa horiek egitera etorri gara. Oraingoz Zea Maysen diska, Go!azeneko diska eta liburua, eta Toti Martinez de Lezearen “Nur” liburua». Amaren ustez, oso giro polita egoten da azokan eta beraiei, durangarrak izanik, egunerokotasuna apurtzen bazaie ere, asko gustatzen zaie.

Igor eta Xabi ere Durangokoak dira eta gaur azokan ez dira gehiegi sakonduko. «Atzo Totiren ‘Sorgin belarra’ erosi genuen baina ilara luzea zegoen sinatu zezan, eta hemen bizi garenez gaur etorri gara. Atzo eman genuen buelta bat, juergan ibili ginen, denak eginda ditugu, eta gaur sinatzera bakarrik etorri gara. Nire kasuan opari bat da. Mari Domingi bat ere erosi nuen etxean apaingarri bezala jartzeko», kontatu digu Xabik. Igorrentzat azoka «aukera bat bada artista berriak ezagutzera emateko edo desagertuta daudenak oroimenean izateko».

Getxoko Josuk normalean jakiten du zer erosi, baina aurten begiratzera etorri da. Buelta bat eman ostean Harkaitz Cano eta Adur Larrearen ‘Antzar eguna’ gustatu zaio. «Gero artisau azokara joango gara, baina bazkaltzeko etxera joango gara. Urteroko puntu beroa da euskal kulturarentzat. Nik uste dut bultzada bat ematen diola», aipatu digu.

Oiartzungo Agustin GARAko standean liburu bat erosi berri harrapatu dugu. Azokara «kuxkuxeatzera» etorri dela aitortu badigu ere, erosi beharreko gauza batzuk buruan bazituela esan ditu. Horien ziren Eñaut Elorrietaren eta Ruper Ordorikaren diskoak, eta baita GARAk salgai duen ‘ETAren zuzendaritzarekin azken elkarrizketa’. Bere emazteak nahi zituenak erosteko falta zituen, alegia, Toti Martinez de Lezearen eta Eider Rodriguezen azken argitalpenak.

Murgiako Marijek ere bazeraman Martinez de Lezearen liburuan poltsan lagun batentzat, baita semearentzat komiki bat eta alabarentzat Jasone Osororen irakurketa liburu bat ere. «Juanjok –esan zuen bere kideari begira– familiarekin Pirinioetan familiarekin ibilbideak prestatzeko liburua erosi du». Esperimentuak egiteko joko baten bila zeuden momentu horretan, gutxi gorabehera non dagoen bazekiten baina ezin aurkitu zeuden. «Guretzat urteroko txangoa da azken argitalpenak ikusteko, umeak txikiak zirenean Olentzerorako opariak eskatzeko, eta saiatzen gara pare bat egunetan etortzen. Ni ostegunean ikasleekin etorri nintzen, atzo bazkalostean agertu ginen buelta bat eman eta zer erosi nahi genuen erabakitzeko, eta gaur jada behar duguna eramango dugu. Nik Karmele Jaioren liburua erosi nuen, ikasleei gomendatu diegu eta ikastolara etorriko da datorren astean eta orduan sinatuko dit», adierazi du.

RELATED NEWS