Maizaren aldeko martxa 27an Etxarri-Aranatzen, anbulantzia Nafarroan barna ibili ondoren

Gaixorik diren presoak askatzeko aldarrikapena Nafarroan barrena hedatuko da Gabonetan, Sareren anbulantzia Iruñerrian, Bortzirietan edota Sakana aldean ibiliko baita. Eta abenduaren 27an, ostiralean, manifestazioa izango da Etxarri-Aranatzen, Jon Gurutz Maizaren herrian.

NAIZ|07/12/2019
Jongurutz
Jon Gurutz Maiza aske uzteko aldarrikatu duen mobilizazioa aurkeztu dute Etxarri-Aranatzen. (Iñigo URIZ | FOKU)

Etxarri-Aranatzen agerraldi jendetsua egin dute larunbat honetan, eguerdian, espetxean gaixorik den Jon Gurutz Maiza auzokidea ahalik eta lasterren etxeratzeko beharra aldarrikatzen ari diren lagunek. ‘Orain Jon Gurutz’ izeneko plataformak mobilizazioa deitu du herrian, hilak 27an, 19.00etik abiatuta. Sakana mailako ekimena da.

Batetik bestera dabiltza azken hilabeteotan, ekimenak biderkatuz, kasu larri honen berri emateko. Izan ere, jada 41 dira Maiza herritik kanpo dagoela, gaixotasun ugari ditu 68 urteko etxarriar honek, eta kondena luzea betetzeko oraindik.

Gabonen testinguruan dator mobilizazio hau, eta Sareren egitarauaren barruan ere kokatzen da, gaixorik diren presoen aldeko ekimenak deitu baititu honek egun horietan, Nafarroan barrena.

Honela, Sareren anbulantzia egiten ari den biraren barruan, hilaren 19an Iruñean eta Antsoainen egongo da arazo honen berri emateko. Biharamunean ere, Iruñean. Abenduaren 21ean, larunbatean, nafar hiriburuetan deitua den manifestazioan ere parte hartuko du. Egun bat beranduago, 22an, Lesaka izango du geltoki. Hilaren 26an Iruñeko Donibane auzoko elkarretaratzean espero dute, eta 27an Sakanan barrena ibiltzeko asmoa du, Etxarri-Aranatzeko mobilizazio honetara ere batuz. Hau guztia ‘Larriki gaixorik diren presoak etxera’ mezua oinarri.