NAIZ

Didier Guillaume Nekazaritza ministroa Biarritzeko alkategai aurkeztuko da

Nekazaritza eta Elikadura ministro frantsesak, animalien ongizatearen arduradunak, Didier Guillaumek, baieztatu du datozen udal hauteskundeetan zerrenda bat osatu nahi duela Biarritzen. Ze egiten du Didier Guillaumek Lapurdiko hiri honetan?

Didier Guillaume, Eliseokok jauregitik ateratzen, asteroko bileraren ondotik, azaroaren 27an. (Alain JOCARD/AFP)
Didier Guillaume, Eliseokok jauregitik ateratzen, asteroko bileraren ondotik, azaroaren 27an. (Alain JOCARD/AFP)

Azaroan Lurramara iritsi zenean, Didier Guillaumek 2020ko martxoko udal hauteskundeetan hautagai izan zela zioten hedabideen zurrumurru guztiak ukatu zituen. Asteburu honetan, ordea, Nekazaritza eta Elikadura ministro frantsesak `Sud-Ouest´-i baieztatu dio Biarritzeko alkategai izanen dela. Mediabask-ek jaso du albistea, honako gogoetarekin batera: zein da duela hilabete gutxi Euskal Herrian inor gutxik ezagutzen zuen Didir Guillaume hau eta zergatik aurkeztuko da Biarritzen alkategai? Zein da bere lotura lurralde honekin?

1959ko maiatzaren 11n jaio zen Bourg-de-Péagen. 24 urte zituela aukeratu zuten lehenbiziko aldiz oposizioko zinegotzi. 36rekin udalerriko alkatetza hartu zuen. 46 urte ziren udalerri horrek ez zuela alkate ezkertiarrik izan.

1986tik 1997ra, Drômeko Alderdi Sozialistaren lehenbiziko idazkari federala ere izan zen Guillaume. Mugimendu Sozialista Gaztearen (MJS) ardura ere izan zuen departamentuan eta Mitterranden aldeko batzordearen presidenteorde izan zen presidentetzarako hauteskundeetan.

31 urte zituela, Rodolphe Pesce departamentuko Kontseilu Orokorreko presidenteak bere kabineteko zuzendari izendatu zuen. Zortzi urte geroago, 1998an, Nekazaritza Ministeroko Jean Glavanyren aholkulari bilakatu zen.

Hainbat kargu pasatu zituen hurrengo urteetan, tartean politika ere utzi zuen, eta 2019ko urrian Edouard Philipperen Gobernuko Nekazaritza eta Elikadura ministro izendatu zuten. «Presio taldeek ez dute nire ministerioko atea pasatuko», erran zuen kargua hartzean. Handik egun gutxira zuzendu zuen: «Ez nuen erran nahi ez ditudala presio taldeak hartuko, baizik eta modu independentean hartuko ditudala erabakiak».

Euskal Herriarekin duen lotura

Bere karrera politiko osoa Drômen egin badu ere, Guillaumek Euskal Herriarekin lotura duela nabarmendu izan du. Apartamentu bat erosi zuen Biarritzen 2008an. Baina 5 urterekin jada Euskal Herrira etortzen zen, gurasoekin oporretan. Euskara ikasten saiatu izan dela ere adierazi izan du.