naiz
Usurbil

Alkiza Uemako kide bihurtuko da bihar, Usurbilen egingo den urte amaierako batzar nagusian

Uemak urte amaierako batzar nagusia egingo du larunbatean, abenduaren 14an, Usurbilen, 2019ko ekimenen balantzea egiteko eta 2020rako egitasmo nagusiak onartzeko. Gainera, Alkizako Udalak Uemara sartzeko egindako eskaera aztertuko dute batzarkideek, eta, horrela, mankomunitateko kide den 87. udala izango da. Guztien artean 250.000 biztanle inguruko lurgune euskalduna osatzen dute.

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak jakinarazi duenez, urtean bi batzar nagusi egiten ditu, baina aurten hirugarrena izango du, agintaldi hasierako batzarra egin baitzuen urriaren hasieran, Getarian, lehendakari berria eta zuzendaritza batzordekide berriak hautatzeko.

Orain, urte amaieran ohikoa izaten den batzar nagusian elkartuko dira Uemako kide diren alkateak eta zinegotziak. Aztergaien artean, batez ere 2019ko balantzea eta 2020rako egitasmoa izango dituzte ordezkariek, bai eta Uemako kide izateko Alkizako Udalak egindako eskaera ere.

2019ko balantzean, batez ere hiru kontu nabarmenduko dituzte: euskararen arnasguneen garrantzia nabarmentzeko eta jendarteratzeko egindako bidea eta hainbat erakunde publikoren artean abiarazitako 'Arnasa gara' kanpaina; EAEko Udal Legea garatzeko dekretua, udalei hizkuntza politikarako eman dizkien eskumenak eta Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa egiteko beharra legeak bermatu izana; arnasguneei buruzko hezkuntza proiektua berritu eta osatu izana, unitate didaktiko eta bideo berriekin.

Uemako kide izateko Alkizako Udalak egindako eskaera ere aztertuko dute batzarkideek. Horrela, Uemako kide den 87. udala bihurtuko da Alkiza. Udal horien guztien artean 250.000 biztanle inguruko lurgune euskalduna osatzen dute.

Urriaren 29an egindako udal osoko bilkuran erabaki zuen Alkizako Udalak Uemako kide izateko eskaera egitea. Inaki Irazabalbeitia alkatearen hitzetan, «Alkiza arnasgune izanik ere, ez dago euskararen normalizazioak dituen desafioetatik libre. Uemako kide izateak desafio horiei aurre egiteko baliabideak eskainiko dizkigu bai udalari berari dagozkion zereginetan baita gizartean eragiteko unean ere».

2016an argitaratutako datuen arabera, euskaldunak %91,3 dira Alkizan. Oro har euskaraz bizi dira Alkizan, baina udalerri euskaldun gehienetan bezala, beheranzko joera islatzen dute datuek: 1996 (%96,9) eta 2016 (%91,3) artean %5,6 puntu egin zuen behera euskaldunen indizeak. Uemako kide izanda, egoera iraultzeko eta euskararen biziberritzeari hizkuntza politika sendo eta bateratuekin ekiteko asmoa adierazi du Alkizako Udalak.