NAIZ

Oskar Alegriaren ‘Zumiriki’ filmak irekiko du Punto de Vista jaialdia

Oskar Alegriaren ‘Zumiriki’ izango da Punto de Vista jaialdiaren hurrengo edizioa irekiko duen filma. Horrez gainera, jaialdiak atzerabegirako bat eta urteroko argitalpena eskainiko dizkie Ute Aurand, Renate Sami eta Helga Fanderl alemaniar zinemagileei eta Jeannette Muñoz txiletarrari.

Jaialdiko kartela. (NAIZ)
Jaialdiko kartela. (NAIZ)

Punto de Vista jaialdiaren 14. edizioak berriro bilduko ditu, 2020ko martxoaren 2tik 7ra, ez-fikzioko zinemagintzako profesionalak eta zaleak. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, jaialdiaren programazio proposamenak zazpi atal nagusitan antolatuko dira berriro, eta atal bakoitzaren edukiak jaialdia egin aurretik azalduko dira: Atal Ofiziala, Atzera begiradak, Dokbizia, Punto de Vista Labs, Foku Garaikideak, Ekitaldi Bereziak eta Hezkuntza Programa.

Bestetik, hurrengo edizioaren irudia erakutsi da, beste urtebetez Dani Sanchis diseinatzaileak sortu duena. Haren kontzeptuak ideia ozeanikoa du ardatz, programazioaren zati batean presente egongo dena. Irudia osatzen duten hiru karteletan, honako elementu hauek aurki ditzakegu: urdina, pultsio gisa; ozeano berreraiki eta aztoratua; eta edertasun natural zatikatua. Hiru elementuok irudiaren sostengu dira, eta esplizitua den horretatik harago joatera gonbidatzen dute ikuslea.

Programazioari dagokionez, nabarmentzekoa da Oskar Alegria –jaialdiaren zuzendari izandakoa 2013tik 2016ra– arduratuko dela edizio berria inauguratzeaz, ‘Zumiriki’ bere azken lanaren bidez, Veneziako Mostraren azken edizioan estreinatu zena eta Las Nuevas Olas-No_Ficción saileko film onenaren saria irabazi duena Sevillako Nazioarteko Zine Jaialdian. Film horretan, egurrez eginiko txabola batean bizitzen ikusiko dugu zinemagile nafarra, bere haurtzaroko Arga ibai ondoko basoaren erdian memoria formaz eraikitako etxola batean. Alegria bakar-bakarrik egon zen txabola horretan lau hilabetez, izadiarekin harreman estuan. ‘Zumiriki’ euskal hitz zahar bat da, «ibai erdiko irla» esan nahi duena.

Emakume alemaniarren zikloa

Punto de Vista 2020 argitalpena lau emakume zinemagileren erretratu bat izango da: Ute Aurand (Frankfurt, 1957), Renate Sami (Berlin, 1935) eta Helga Fanderl (Ingolstadt, 1947) alemaniarrak eta Jeannete Muñoz (Santiago, 1967) txiletarra. Gainera, jaialdiaren atzerabegirakoetako bat eskainiko zaie, haien film asko bilduko dituen ziklo baten bidez. Lau zinemagileok aitortza ugari jaso dituzte nazioarteko jaialdi ospetsuetan: hala nola Berlinale, International Short Film Festival Oberhausen, New York Film Festival edo Rotterdamgo IFFR. Lau emakume hauen lana koka daiteke 80ko hamarkadako abangoardismoaren eta zine esperimentalaren barnean. Liburuaren edizio lanak egingo dituzte Garbiñe Ortegak, Punto de Vistaren zuzendari artistikoak, eta Maria Palacios Cruzek, jaialdiaren programatzaileak. Gainera, hainbat zinemagilek, idazlek eta akademikok parte hartuko dute: George Clark, Soon Mi-Yoo, Sarah Neely, Francisco Algarín, Elena Duque edo Carine Doumit.

Erika Balsom zinemagilearen ‘An Oceanic Feeling’ izango da aurtengo beste atzerabegirakoetako bat. Balsomek ‘An Oceanic Feeling: Cinema and the Sea’ izeneko saiakera argitaratu zuen 2008an, itsas paisaia zinearen bidez aztertzen duen lana. Hala, atzerabegirakoak lotu egingo ditu zinearen historiako zuzendari handiak eta zine garaikidea, itsasoaren metaforaren bidez.

Aurten, gainera, X Films proiektuaren 10. urteurrenaren ospakizun berezia egingo da. 2009an sortu zenetik, urtero jaialdiak hiru sortzaile gonbidatu ditu saio dokumental proiektu bat aurkeztera, hurrengo urtean Nafarroan filmatzeko. 2020ko martxoan, Maddi Barber nafarraren ‘Rojo’ aurkeztuko da, X Films egitasmoaren 10. film irabazlea. Urteurrena ospatu eta ekimen honetan partaide izan diren zinemagileen aitortza egiteko, Punto de Vistak ziklo berezi bat antolatuko du, X Films proiektuaren film irabazle guztiak proiektatuz Civivox Condestable aretoan.

Azkenik, dagoeneko zabalik dago jaialdiko boluntario eta Epaimahai Gazteko kide izateko izena emateko epea. Batean edo bestean izena eman nahi dutenek otsailaren 11 arteko epea izango dute.