NAIZ

Beñat Gaztelumendik irabazi du Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa

Agin Laburu eta Beñat Gaztelumendi pasatu dira buruz burukora, eta kartzelako ariketa egin ostean epaimahaiak erabaki du Añorgakoa izan dela saioko onena. Honela Gipuzkoako txapela eskuratu du bigarrenez.

Beñat Gaztelumendi, Xabier aitak jarri dion txapela buruan. (Gorka RUBIO/FOKU)
Beñat Gaztelumendi, Xabier aitak jarri dion txapela buruan. (Gorka RUBIO/FOKU)

Zozketa egin ostean orden honetan kantatu dute hasierako bertsoan: Jon Maiak aurten hil diren bertsolariak gogoan izan ditu; Agin Laburuk ironiarekin noriaren irudia ekarri du; Nerea Elustondok txapelketako aurreko fasetan gelditu direnak gogoratu ditu; Alaia Martinek elikadura piramidearekin metafora egin du; Beñat Lizaso zezen plazari buruz aritu da umorez; Oihana Iguaranek mugak hartu ditu gaitzat; Ane Labaka feminismoarekin hasi da; eta Beñat Gaztelumendi aurretik zuen saioari buruz mintzatu da.

Azken hasi denak lehen bukatu du. Egin beharreko ariketak eginda, epaimahaiak erabaki du Agin Laburu eta Beñat Gaztelumendi pasako zirela buruz burukora. Bertan bi gai landu behar izan dituzte; estralurtarren papera hartu dute lehenik, eta Real-Barça partida ikustera joan baina nahastuta Illunben sartu diren diren katalanena ondoren.

Azken ariketa kartzelakoa izan da. «Esan eta esan aritu arren ez entzunarena egiten dizute» izan da gaia. Laburu autismoari buruz aritu da: «Nere semeak autismoa du denek jakin dezatela / gaixotasun bat izan daiteke baina ez da hain ergela / laguntza behar du Jonek eta laguntza hori denna dela / bereizi ezkero bi gela seguru lortzen ez dela / nik hezkuntzari eskatu diot laguntza eman dezatela / beti baietz esanagatik entzun ez balu bezela».

Gaztelumendik, berriz, gizarteak ezartzen dituen bizitzan eman beharreko pausuak aipatu ditu: «32 urte beteta bizi honetan zetalai / 16 urte beteta hasi ginen parrandetan alai / ta izan ginen gure karrera ahal bezela lortzeko gai / asko lanean hasi ginen ta asko oraindik darrai / nik bikoterik ez det ordea nere etxean zai / aurretiazko eskemak izan dira beti nire etsai / koadrilekoei esaten diet eta ez dira entzuten ai / nik ez dudala beraiek bezala bizi nahi».

Lan guztiak eginda, epaimahaiak erabaki du Gaztelumendi izan dela finaleko onena eta bere aitak, Xabier Gaztelumendi Bertsozale elkarteko kideak, jantzi dio txapela. Honakoa irabazten duen Gipuzkoako bigarren txapela da, eta parte hartzen duen laugarren finala –irabazi ez zuen bietan bigarren gelditu zen-. Aita alboan izan du une eder horretan, baina ama ez du ahaztu nahi izan eta berari eskaini dio azken bertsoa: «Bertsoeskola bukatzean nor egoten zen gure zai? / gaixo geudenean nor zen min denak goxatzeko gai? / guk festa egin genezan nork ez zuen egiten jai? / ta nork eraman gintuen sabel barruan bi anai? / nahiz ta igual ez zenuen gaur protagonista izan nahi / ama, hau zuri eskeini gabe ez nengoke lasai / Xabierren semea naiz ta Pilirena ere bai».

Agin Laburu, beraz, izan da bigarren eta bere atzetik gelditu dira Alaia Martin, Nerea Elustondo, Oihana Iguaran, Ane Labaka, Beñat Lizaso eta Jon Maia.

Entzuleen iritziak, finalaren ostean:

Loading player...