NAIZ

Asteko zazpi egunetan 18 orduz irekitzen duen Angeluko saltokian protesta egin dute

Kutxa automatikoen bidez, Angeluko Leader Price supermerkatuak astean 7 egunez eta goizeko seietatik gauerdira arte irekitzen duela salatu dute igande honetan LAB sindikatuak, Aitzinak eta Bizik.

LABek, Aitzinak eta Bizik Angeluko Leader Price saltokian egin duten protesta. (Bob EDME)
LABek, Aitzinak eta Bizik Angeluko Leader Price saltokian egin duten protesta. (Bob EDME)

LAB sindikatuak, Aitzina gazte antolakundeak eta Bizi mugimenduak Leader Price supermerkatuak astean 7 egunez eta goizeko seietatik gauerdira arte irekitzen duela salatu dute igande honetan Angelun. Azaldu dutenez, supermerkatu honek kutxa automatikoen bidez hedatu du irailaren 18tik ordutegia eta «harremanik gabe, gizakirik gabe, langilerik gabe kontsumituko duten bezeroak» formatzen dituela salatu dute. Kutxa automatikoak erabiliz eta segurtasuneko langile batekin saltokia irekita mantentzea lortzen dutela zehaztu dute. 

Protesta egin duten hiru eragileen arabera, kutxa autonomatikoen «banalizazioak», igandeetako irekieren legediaren «desbideraketak» eta eguneko zein gaueko edozein ordutako kontsumoak «bertako enplegu eta ekonomiarengan ondorio dramatikoak eragiten ditu». Bestalde, komertzio edo artisau txikiek ordutegi horri ezin dutela aurre egin nabarmendu dute.

«Zoritxarrez, irekiera hauek sortutako etekinak ez dira Leader Priceko langileen lan-baldintzak hobetzera, lan denbora murriztera edo soldatak igotzera bideratuko. Aitzitik, prekarietatea eta langileek pairatuko duten presioa izanen dituzte ondorio» gaineratu dute.

Honen aurrean, saltoki horren eta beste guztien gehiegizko irekieren bukaera eskatu dute, eta eskubide sozialak zein ingurumena babestu behar dela adierazi dute, «bioaniztasuna zainduko duen laborantza jasangarria garatuz, ekonomia birlokalizatuz eta merkatari zein artisau txikien bertako eta sasoiko produktuak kontsumituz».

Protestei jarraipena nola eman modu kolektiboan erabakitzeko bilkura publiko batera deitu dituzte langile, sindikatu, merkatari, herritar eta gazteak urtarrilaren 15erako, arratsaldeko 18.00etan, Baionako Lan Burtsan.