NAIZ

Leire Etxaniz eta Miriam Arrillagak jantzi dituzte txapelak Barakaldon

Pilotalekua jendez gainezka egon da gaurko finaletan eta irabazleen sendotasunak eman die garaipena Patri Espinarri (13-22) eta Miren Larrarteri (22-11) irabazita.

Miren Larrartek eraman du pilota mixtoko lehen txapela (Juanan RUIZ /FOKU)
Miren Larrartek eraman du pilota mixtoko lehen txapela (Juanan RUIZ /FOKU)

Indarra, oreka eta sendotasuna nagusitu dira giro bikainean eta frontoia jendez gainezka jokatu diren Laboral Kutxa Emakume Master Cup txapelketako Lau eta erdiko finaletan eta Leire Etxanizek, pilota goxoan, eta Miriam Arrillagak, mistoarekin, jantzi dituzte pilotak, hurrenez hurren Patri Espinarri (13-22) eta Miren Larrarteri (22-11) irabazita.

Partidetan emozio gehixeago eskertuko genukeen arren, tanto bikainekin gozatzeko aukera izan da Barakaldon eta emakumeen esku pilotak hazten jarraitzen duela ikusi da, esaterako, Aginagarrak lortutakoa pilota mistoarekin jokatutako lehen txapela izan da. Leire Etxanizek, bere aldetik, pilota goxoarekin ia gaindiezina dela berretsi du, bere bostgarren txapela lortuz, kaiolako bigarrena.

Pilota goxoarekin, espero zen estilo retro talkan, Leire Etxaniz izan da bere erritmoa ezartzeko gai izan den pilotaria, bere nortasunera leialen izan den emakumea eta hasieratik hartu du partidaren aginte makila. Parti Espinarrek ez du eskubiarekin pilota nahi bezala bezala astindu, kosta egin zaio anguluak topatzen eta, pilota gehitxo harrotuz, komeni ez zitzaion erritmoan sartuz (1-8).

Hala ere, Etxebarriakoak izan du une kritikorik, Patri Espinarrek sake errematean egindako jokaldi batean bi ezbeharri egin behar izan dielako aurre. Hasteko, epaileak pilota bigarren botean eraman duela adierazi du bestelakorik eman duenean eta  bestetik, min hoyartu du eskuin orkatilan (5-8). Hala ere, bikain erantzun du eta beste lau tanto egin dituzte jarraian.

Arriskuak hartuz, saiatu da Patri Espinar aldeak murrizten, baina Etxaniz oso eroso mugitu da tantoak luzatu eta dejadaz edo bi paretaz tantoak amaitzen. Patri Espinarrek, ordea, eskuin eskua oso minduta, ezkerrez jokatzen amaitu du, ez du partidari buelta emateko modurik aurkitu (13-22).

Oreka, hasieran bakarrik

Pilota mistoko finala askoz orekatuagoa eta lehiatuagoa hasi da, materialarengatik, baita askoz azkarragoa ere bai. Hemen ere bi joko molde dituzte bi lehiakideek, kolpez indartsuagoa Arrillaga bidaniarra eta teknikoagoa Larrarte bidaniarra, baina kosta egin zaie eurena gailentzen. Lau berdinketen ostean, ordea, bietan nagusienaren sendotasuna gailentzen joan da, Arrillaga bizkarra erakusten hasi da eta Larrarteri ezinezkoa izan zaio tantoa aurrean nahasten, errestoan pilota mendean utzi dio sarri eta hortik korrontearen kontra aritu behar izan du.

Hala ere, esan beharra dago, pilota astintzeaz harago, Miriam Arrillagak oso pilotari osoa dela erakutsi duela. Kantxan ederki mugitu da eta tantoa amaitzen ere badakiela erakutsi. Hitz gutxitan esanda, partida borobila jokatu du eta merezimendu osoz lortu du modalitate honetako lehen txapela.

Oso lehiakorra den arren, Miren Larrartek ez du bere mailarik onena eman, baina bai etorkizun handia duela erakutsi.