Naiz

Nives Meroik eta Romano Benetek Mendi Film jaialdiko WOP saria irabazi dute

«Emozionatuta eta harro» agertu dira bi alpinistak jaialdi bilbotarrak eskaini dien sariarekin. Benetek gaixotasun larri bati aurre egin behar izan bazion ere, bikoteak hamalau zortzimilakoak igotzea lortu du.

Benet eta Meroi, erdian, Eguzkilore garaigurrarekin. (NAIZ)
Benet eta Meroi, erdian, Eguzkilore garaigurrarekin. (NAIZ)

Nives Meroi eta Romano Benet alpinistak izan dira Bilboko Mendi Film jaialdiaren 12. edizioko omendu nagusiak The Walk On Project-WOP Saria jasoz.

«Emozionatuta eta harro» agertu dira mendizaletasunaren balore etiko eta sozialak azpimarratzeaz gain omenduen ibilbideari aitortza egiten dien sari hau jaso izanagatik. Juanjo San Sebastianek gidatu du ekitaldia, Mendifilmeko enbaxadorea, bikotearen adiskide eta iaz WOP saria jaso zuena.

Hamalau zortzimilakoak oxigenoren laguntzarik gabe eta altura zamaketaririk gabe osatu dituen bikotea da Nives eta Romano.

Duela 25 urte egin zuten euren lehen zortzimilako espedizioa, eta 2017an itxi zuten hamalau gailurren zerrenda. Tartean, geldiune bat izan zuten, sokada eta bikote honen giza balioak goratzen dituena: Benetek gaixotasun larri bat jasan zuen, 2009ko Kangchenjungako espedizioan bete-betean azaleratzen hasi zena, eta Meroik erabaki zuen senarra osatzen zen bitartean ez zuela bere kabuz jarraituko goi-mendietako erronkekin. Hezur-muin  transplante bi jaso eta gero Benet sendatzen hasi zen, eta hala eutsi zioten berriro munduko hamalau gailur garaienak egiteko proiektuari.

Mendizaletasunaren giza balioen defentsa eta transmisioa saritzen ditu WOP-The Walk On Project Fundazioa Sariak eta honakoak dira orain arte Eguzkilore garaikurra jaso dutenak: Jeremy Collins-en ‘Drawn’ filma (2014), Josep Manuel Anglada (2015), Sir Chris Bonington (2016), Peter Habeler (2017) eta Juanjo San Sebastian (2018).