Haritz Larrañaga

Autobus zerbitzu publikoa blokeatu dute Baionan grebalariek

Emmanuel Macron presidente frantsesak ezarri nahi duen pentsioen erreformaren kontrako hirugarren greba orokor eta mobilizazioen eguna blokeoekin hasi da Lapurdin. LAB eta CGT sindikatuetako ehun lagunek Ipar Euskal Herriko garraio zerbitzu publikoa eskaintzen duen Chronoplus enpresako sarrera irteerak itxi dituzte. Goizeko 10.30ean sindikatuek Baionan deitu duten manifestazioen lehen aldiz CFDT sindikatuak ere parte hartu du. Antolatzaileen arabera, 7.000 lagun inguru batu dira mobilizazioan, sindikatuek emandako datuen arabera.

Goizeko 5.30ean eman diete su barrikadei grebalariek. (Guillaume FAUVEAU)
Goizeko 5.30ean eman diete su barrikadei grebalariek. (Guillaume FAUVEAU)

Goizeko bost eta erdietan itxi dituzte Baionan garraio publikoa eskaintzen duen Chronoplus enpresako sarbideak suzko barrikadekin. Grebalarien ekintzaren ondorioz, soilik tranbus linea bat eta 4 autobus linea daude martxan Ipar Euskal Herriko errepideetan.

Gaurkoa hirugarren greba orokorra den arren, trenbideetako langileek 13. greba eguna dute, iragan abenduaren bostean hasi baitzuten greba mugagabea.

Biarrizko aireportuan, lau hegaldi bertan behera geratu dira grebaren ondorioz, guztiak Parisko aireportuarekin loturak egiten dituztenak. SNFC tren konpainiak jakitera eman duenez, lau AHT zerbitzuetatik soilik batek funtzionatuko du gaur Estatu frantsesean. TER eskualde zerbitzuetan hamar trenetatik lauk funtzionatuko dute.

Parisko metroan, berriz, soilik bi lerro izango dira funtzionamenduan. Horren eraginez, trafiko arazo handiak izaten ari dira Frantziako hiriburuan.

Lehen aldiz sindikatu guztiek deitu dute gaurko mobilizazio eguna, CFDT sindikatu moderatua barne. Ondorioz, goizeko 10.30ean Baionako Santa Ursule plazatik abiatu den manifestazioan guztiek parte hartuko dute. Antolatzaileen arabera, 7.000 lagun inguru batu dira mobilizazioan.