Naiz

Grebalarien asanbleak erretreten erreformaren aurka mobilizazioa deitu du larunbaterako

Heldu den urtarrilaren 9an erretreten erreformaren kontra mobilizazio orokorra deitu dute Estatu frantsesean. Hitzordu horren zain, Ipar Euskal Herrian osaturiko grebalarien asanbladak mobilizazioa deitu du, larunbaterako, Baionan.

Grebalarien asanbleak mobilizazio berrirako deia egin du Baionan. (Naiz)
Grebalarien asanbleak mobilizazio berrirako deia egin du Baionan. (Naiz)

Iragan abenduaren 5az geroztik SNCF konpainiako tren langile eta Pariseko garraio sareko beharginak greba mugagabean daude.

Dagoeneko 18. greba eguna bete dute eta, mugimenduaren ondorioz, garraio zerbitzuan eragin handia sumatu da azkeneko egunetan, Eguberria kari joan-etorri gehiago izanen direlako.

Baionan bilera berria egin ondoren grebalarien asanbladak mobilizazio berria iragarri zuen, atzo. Heldu den larunbatean, 10.30ean St Ursula plazatik abiatuko den martxa «besta giroan» amaituko da Roland Barthes plazan.

CGT, FO, FSU, Solidaires, LAB eta ELB sindikatuekin batera Txaleko Horien mugimenduak bat egin du deialdi berri horrekin.

Gaur, goizean, bestalde, A63 autopistan jarri dira grebalariak. Biarritzeko ordain-lekua nahi zuten okupatu, baina Poliziak galerazi egin die autozaleei bidai saria dohainik eskaintzea.

Dagoeneko, azkeneko egunotan sindikatu eta gizarte mugimenduen kideek elkarlanean jardun dute hainbat enpresa eta saltoko handien aurrean blokeo ekimenak burutuz.

Horrekin batera, Hendaia eta Baionako tren geltokietan protestan egin dituzte baita ere Emmanuel Macron frantses presidenteak plantan eman duen erretreten erreformak «langile guztiengan izanen dituen ondorio kaltegarriak» nabarmentzeko.

II. Mundu Gerraren amaieran frantses Estatuan sortu zen erretreten sistema ahultzera etorri ziren aurreneko erreformak ahantzi gabe - 1995, 2003 eta 2010. urteetan egin zituzten aldaketa horiek- frantses Gobernuak plazaratu duen egitasmo berriak «elkartasunean onarrituriko eredu sozialaren amaiera» ekarri dezakeelakoan dira sindikatuak.

Aldez aurretiaz Segurtasun Soziala, langabeziaren eredua eta lan kodea aldatzeko Macronek bultzatu dituen erreformek «diru gose diren pentsio funtsa eta asegurantza pribatuen mesedetan baizik ez dutela jokatu» oharra egin du, agiri baten bidez, grebalarien asanbleak.

Horrendako, borroken arteko lotura eginez, heldu den urtarrilaren 9an izanen den mobilizazio orokorraren zain gelditu gabe, abenduak 28an, larunbatarekin, Lapurdiko hiriburuko karriken gaindi iraganen den martxan parte hartzeko gomita zabaldu dute.