Ion T. BARRENA

Programazio osatuarekin ekingo dio NAIZ Irratiak urte berriari

Urtarrilaren 7an 7.00etan programazio berri eta osatua estreinatuko du NAIZ Irratiak. Astelehenetik ostiralera egun osoan zuzeneko emisioak egingo ditu irrati berriak, informazioa eta musika ardatz. Asteburu goizetan magazin informatibo berria ere eskainiko du.

Korrikaren zuzeneko jarraipena. Irudian Maite Bidarte Tafallako saioan. (Idoia ZABALETA / FOKU)
Korrikaren zuzeneko jarraipena. Irudian Maite Bidarte Tafallako saioan. (Idoia ZABALETA / FOKU)

Bidea egiten ari da pausoz pauso NAIZ Irratia eta 2020ari programazio osatuarekin ekingo dio. GARAren espolioak bere abiatzea geldotu duen arren, irrati proiektu berria bidea egiten ari da eta entzuleak urtarrilaren 7tik aurrera garapen nabarmena nabarituko du.

‘Informazioaren Haria’ izeneko magazin informatiboek marraztuko dute bere egunerokoa. Astelehenetik ostiralera hiruna edizio izango ditu eta asteburu goizetan ere magazin berezia eskainiko du.


Tourraren jarraipen berezia (Jon URBE / FOKU)

7.00etatik 10.00etara izango da Hariaren lehen edizioa. Bezperako albisteen laburpena eta egunak dakarrenari begira osatutako aktualitateko magazina izango da. Analisirako eta eztabaidarako tarte zabalekin eta eguneko elkarrizketarekin.

12.00etatik 14.00etara izango da Haria saioaren bigarren edizioa. Maiatzetik martxan dagoen magazina da eguerdikoa, une horretan bertan gertatzen ari denari begira garatu dena, alderdi, instituzio eta eragileen agerraldiak zuzenean eskainiz, maiz izan ohi diren mobilizazioen berri zuzenean emanez eta GARA eta NAIZeko erredakzioaren parte hartze zuzenarekin.

Informazioren Hariaren 3. edizioa 18.00etatik aurrera izango da, 21.00ak arte. Eguneko protagonisten ahotsak izango ditu ardatz.


Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren jarraipen berezia (Gorka RUBIO / FOKU)

Gertatzen ari denaren haria ez galtzeko, magazina ez dagoen tarteetan informazio boletin laburrak eskainiko ditu NAIZ Irratiak, hartara 7.00etatik 21.00ak arte aktualitateari neurria hartzeko eskaintza osatua izango du 2019ko udaberrian emisioak abiatu zituen irratiak.

Larunbata eta igande goizetan Asteburuko Haria izango da, 8.00etatik 12.00etara. Asteari begirako izaera bereziarekin eta asteburu giroan osatutako magazin formatuan.

Aktualitatea... eta musika


NAIZ Irratiaren emankizun bat Kursaal pareko NAIZ gunetik (Gorka RUBIO / FOKU)

Bi ardatzen gainean ari da eraikitzen NAIZ Irratia bere programazio-parrila. Aktualitatea da lehena, musika bigarrena. Azken hilabeteetan musikariekin eskuz esku garatu den bidea da musikarena.

‘Beste bat’ irratsaioak jarri zuen abiapuntua (egunero 15.00etan), bertan hainbat musikarik parte hartu dute euren kantu zerrenda kuttuna eskainiz. Andoni Tolosa, Eneritz Furyak, Zazkel, Montauk, Birkit, Eraul, Amorante, Ibil Bedi, Ane Garcia, Ibon RG, Dupla, Petti, Mikel Markez, Olatz Salvador, Nizuri Tazuneri eta Miren Narbaizak osatu dituzte, orain arte, saio honetako tarteak eta hilaren 6tik aurrera Txuma Murugarren, Maria Rivero, Okene eta Jurgi Ekizak egingo dituzte ‘Beste bat’ saioak.

Euskal musikaren hedapenean laguntzeko tarte berezia ere abiatu da, NAIZ Irratiaren Musika Pilulak dira horiek. Euskal taldeen lan berriak jasotzen dituzten pilula laburrak dira, musikariei egindako elkarrizketa bat eta kaleratu duten lanaren lagin batek osatua. Egunero 12.55ean eta 19.55ean entzun daitezke zuzenean eta laster izango dira eskuragarri Podcast plataformetan (Ivoox, Spotify, Google eta Apple).


NAIZ Irratiaren jarraipen berezia azken Durangoko Azokan (Marisol RAMIREZ / FOKU)

Musika saio berezituek tarte garrantzitsua izango dute NAIZ Irratiaren programazio osatuan. Azken hilabeteetan abiatu dira, dagoeneko, musika elektronikoa eta beltza ardatz osatutako Revolutionary Grooves (Astelehenak, 22.00), Reggae Fever (ostegunetan) eta Sateliteak, musika elektronikoa (asteazkenak). Programazio berriarekin 22.00etako tarte hori musika saio berriek osatuko dute.

GARA-NAIZ, lankidetzak eta garapena

Informazioaren adarra GARA eta NAIZen erredakziotik ari da garatzen eta tarte nabarmena izango dute irratian bertako sinadurek. Musikan bezala, bestelako saioetan Euskal Herriko eragile, instituzio eta ekimenekin lankidetzan oinarritutako eredua garatuko du NAIZ Irratiak. Hartara, 21.00etatik aurrera bertsolaritza, osasuna, literatura, bidaiak eta zine eta telesailen inguruan osatutako saioak eskainiko ditu irratiak. Gainera, Arrosa irrati sareko hainbat irratsaio ere eskainiko ditu.

NAIZ Irratia internetez entzun daiteke (irratia.naiz.eus), podcast plataformetan (Ivoox, Spotify, Google eta Apple) eta FMz (ikusi mapa eta azalpena).

Udaberrian ekin zien emisioei NAIZ Irratiak. GARAren espolioak abiatzea mantsotu arren egunero 12.00etan eta 19.00etan magazin informatiboak eskaini ditu azken hilabeteotan. Hauteskunde gauetako saio bereziak egin ditu, Tourreko etapa garrantzitsuenen kontakizuna, Korrika, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren azken fasea zuzenean eskaini du eta euskal musikaren hedapenerako ekarpena egiten hasi da. Hurrengo hilabeteetan programazioa egonkortzea izango du helburu, astean zuzeneko 85 ordu eskainiz.

NAIZ Irratia, non eta nola entzun

Bokazio eta ikuspegi nazionala ditu NAIZ Irratiak. FM bidezko emisioei dagokionez, legezko aukera guztiak baliatzen ari da Euskal Herri osoan normaltasunez entzun dadin (goiko irudian egungo frekuentziak tokian toki). Hurrengo hilabeteetan urrats berriak ematea espero du bide horretan. Nafarroan, adibidez, LTD bidez laster izango da entzungai eta FMz entzun ahal izateko ekinbideak egiten ari da.

FMz ez ezik, internetez ere entzun daiteke irratia.naiz.eus-en, bai zuzenean eta baita norberak nahi duenean ere. Gainera; Google, Apple, Spotify eta Ivoox podcast plataformetan ere entzun daitezke NAIZ Irratiko edukiak, programa bakoitzera harpidetuta.

Irratira ahots-mezuak igortzeko zenbakia

Entzuleen parte hartzea sustatzeko NAIZ Irratiak zenbaki propioa du. Whatsapp bidez ahots-mezuak jasotzeko baliatzen duen zenbakia hau da: