naiz

ELA eta LAB sindikatuek «lan duinaren aldeko akordioa» aurkeztu diete CEN eta Confebaski

1.200 euroko gutxieneko soldata, 35 orduko gehienezko eta 20 orduko gutxieneko lanaldiak, azpikontratetan ari diren langileentzako «subrogazio eskubidea bermatzea» eta «soldata arrakalari aurre egiteko eta benetazko berdintasun planen alde» neurriak barnebiltzen dituen akordioa proposatu diete ELA eta LAB sindikatuek Confebask eta CEN patronalei.

ELA eta LAB sindikatuek agerraldia egin dute Bilbon. (Luis JAUREGIALTZO)
ELA eta LAB sindikatuek agerraldia egin dute Bilbon. (Luis JAUREGIALTZO)

LAB eta ELA sindikatuek, Karta Sozialaren izenean, CEN eta Confebask patronalei «lan duinaren aldeko» akordio bat jarri diete mahai gainean eta lau neurri zehatz proposatu dizkiete. Hego Euskal Herrian lan egitea «ezin da prekaritate eta esplotazio basatian oinarritu», adierazi dute. Eta proposatutako lau neurri horiek «gutxiengo» gisa definitu dituzte.

Hala, Europako Karta Sozialak proposatzen duen bataz-besteko diru sarreren %60arekin bat egiten duen «1.200 euroko gutxieneko soldata» ezartzea defendatu dute. «Pobreziaren aurkako oinarrizko eskaera da». Era berean, azpikontratetan ari diren langileentzako «subrogazio eskubidea bermatzea», egonkortasunaren alde eginez. Bestetik, 35 orduko gehienezko eta 20 orduko gutxieneko lanaldiak aldarrikatu dituzte. «Pobrezia, soldata baxuez gain, lanaldi partzialaren erabileraz hedatu da». Era berean, «lanaren banaketaren aldeko hautu» bezala ikusten dute proposamena, teknologia berrien bitartez desagertu daitekeen enpleguaren aurrean. Azkenik, «soldata arrakalari aurre egiteko eta benetazko berdintasun planen alde» neurriak eskatu dituzte, emakumeek lan munduan bizi duten egoera azpimarratuz.

Azken urteetan, patronalek «prekarizazio prozesuan sakontzeko neurriak eta erabakiak» hartu dituztela salatu dute. Orain, espainiar Estatuan Gobernu berria eratu denean, eta hainbat neurri iragarri dituenean, 1.000 euroko gutxieneko soldata, azpikontratazioaren aurrean neurri partzialak, lanaldi partzialak mantentzea edo berdintasun plan edukigabeak bultzatzea, «hauek ez diotela euskal langileek pairatzen duten egoerari irtenbiderik ekarriko» nabarmendu dute. Horregatik, bai EAEn bai Nafarroan «neurri zehatzak» eskatu dituzte. «Beharrezkoa da lan harremanetarako eta babes sozialerako marko propioa lortzea».

Urtarrilaren 30ean «lan duinaren alde» greba orokorra egiteko deia ere egin nahi izan dute ELA eta LAB sindikatuek eta eta «negoziatzeko borondaterik izan ezean», gehiengo sindikalak lan duinaren alde mobilizatzen jarraituko duela berretsi.